GARA > Idatzia > Pilota

Zarautz Hiria Torneoa

Lau pilotari indartsu finaleko lehen txartelaren bila

Olaizola I-Patxi Ruiz eta Gonzalez-Lasa III bikoteek irekiko dute gaur arratsaldean Aritzbatalde pilotalekuan aurtengo Zarauzko Torneoa

p045_f02_97x124.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Pilotari tradizionalak, jotzaileak, gogorrak batuko ditu gaur arratsaldean (18.15ean, Aritzbatalde) jokatuko duten Zarautz Hiria Torneoko lehen finalerdiak. Batetik, Asier Olaizola eta Patxi Ruizek, Asegarce enpresako ordezkariek, gorriz jokatuko dute, eta bestetik, Sebastien Gonzalez eta Oskar Lasa arituko dira gerriko urdinez, Aspeko elastikoarekin. Ama Birjin egunean ohikoa izaten denez, sarrera ona espero da Aritzbatalde pilotalekuan gaurko jaialdian.

Pronostikoa zaila da. Gonzalezek nahiko itxura ona eman zuen aurreko igandean Zarautzen bertan jokatu zuen partidan. Pilota bizi ibiltzen du oso eta, huts batzuk egin arren, bera izan daiteke gaurko dema erabaki dezakeen pilotaria. Atzean Lasaren laguntza izango du. Etxarrikoak San Fermin Torneoa irabazi zuen Xalarekin eta, Zarautzen, beste lapurtarrarekin, udako bigarren saria nahiko du.

Asier Olaizolak eta Patxi Ruizek, berriz, bikote beldurgarria osatzen dute. Lizarrako atzelaria jokoan dago. Igandean Bastidan erakustaldi aparta eman zuen atzeko koadroetan eta Gasteizen hirukotearen kontra jokatutako partida hartan ere kolpe freskoarekin ikusi genuen. Beraz, gakoa Asierrek egin dezakeen lanean egongo da ziur asko. Goizuetakoak neurketa dezente jokatu ditu azkenaldian -gaurkoarekin lau zortzi egunetan- eta freskotasuna galdu ez badu, Lasak majo sufritu beharko du haren pilotakadak bueltatzeko.

Aurrekariei begira jarrita, Lasa eta Patxi Ruiz dira gaurko lau protagonisten artean Zarauzko Torneoa irabaztea zer den dakiten bi pilotariak. Oskarrek 2000. urtean lortu zuen garaipena, orduan 20 urte zituen Aimar Olaizola gaztearekin bikotea osatuz. Ruizek, berriz, 2003an irabazi zuen Mikel Unanuerekin. Gainera, iaz finalera heldu zen Oinatzekin.

Gaurko irabazleek ostiral arratseko finalerdiko irabazlearen kontra jokatu beharko dute finala: Xala-Laskurain edo Bengoetxea VI.a-Begino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo