Iñigo Elizegi gogoan izan zuten Goizuetako bi txupinazoetan
Goizuetan bi aldiz botatzen da txupinazoa: Bata Udaletxetik eguerdian; bertzea ilunabarrean gaztetxean. Atzo bietan Iñigo Elizegi herriko presoa gogoan izan zuten, haren urtebetetzea baitzen. Bertzalde, Gazte Asanbladak eta herriko koadrilek Gazte Eguna egin zuten eta aurten, lehen aldiz, Urumearen jaitsiera egin zuten. Hagitz ongi joan zen eguna, eta gauean giro ederra nabari zen.
GARA | GOIZUETA
Atzo hasi ziren, hainbertze herritan bezala, Goizuetako bestak. Eguerdian txupinazoa bota zuten Udaletxetik, eta hori egiteko arduraduna izan zen Kultur-zinegotziak, EAE-ANV-koak, jai onak desiratzeaz gainera, herriko preso politiko Iñigo Elizegi gogoratu zuen. Izan ere, atzo Elizegiren urtebetzea zen, eta bereziki gogoan izan zuten goizuetarrek.
12.00etako txupinazoaren ondotik Etxerat-en txosnaraino joan ziren presoen aldeko topa egitera. Ekitaldia amaituta, gazte-txarangarekin poteoa egin zuten herriko tabernetan barna, atzokoan Gazte Eguna antolatua baitzuten Goizuetako gazte asanbladak eta herriko koadrilek. 15.00etan bazkaltzera bildu ziren Herriko Plazan, eta goizetik erretzen eduki zuten zekorra izan zen osagai nagusia. Arratsaldean, lehenengo Urumearen jaitsiera egin zuten koadrila horiek, guztira sei edo zazpi, eta bakoitzak moldatutako txalupan sartu ziren uretan. Ongi atera omen zen jaitsiera, Gazte Asanbladako Ibai Zubirik kontatu zuenez. Txalupentzat gurpilen goma eman zioten koadrilei, baina bakoitzak moldatu behar izan zuen bere txalupa.
Ilunabarrean, Gaztetxeko atarian bildu ziren gazteak. Bertso pare bat bota zituzten; herriko jaiak ongi pasatzeko desioa azaldu zuen batek; bertzeak, aldiz, berriro Elizegi presoa gogoratu zuen. Hura herrira ekarri arte borrokan segitzeko beharra nabarmendu zuen bertso horretan. Horren ondotik, 20.00etan txupinazoa bota zuen gazte batek. Horren ondoren, Umore Ona peñaren irteera izan zen txarangarekin batean eta herrian barna abiatu ziren bestazaleak. Giro ederra nabari zen atzo gauean Goizuetan, eta hurrengo egunetan ere hala izanen dela ematen du.
Gaur goizean goiz Tolosako dultzaineroek diana egitekoa zuten, eta 8.00etan zen jaietako lehen entzierroa. Ostiralean berriz eginen dute diana, eta entzierroa ostiral eta larunbatean. Gaur eguerdian Umore Ona dantza taldearen saioa egitekoa da, eta arratsaldean, berriz, zezenak eta herri kirolak izanen dira. Gauean, Umore Ona Elkartean Presoen aldeko afaria eginen dute. Bihar haurrentzako puzgarriak prestatu dituzte, eta 12.30ean afizionatuen arteko pilota partidak jokatuko dituzte. Arratsalderako mus txapelketa prestatu dute Ixkibi kanpinean, eta zezenen ondotik bertso saioa; Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jokin Uranga eta Xabier Silveira izanen dira bertsolariak. Datozen egunetan pilota partidak, errekortadoreen ikuskizuna zezenekin, «Zpeiz Mukaki» dantza taldearen saioa eta bertze hainbat ekitaldiz gozatu ahal izanen da Goizuetan.
Igandean, berriz, Ikastolako Tabernak eta Udalak antolaturik Gipuzkoako eta Nafarroako «sagardogile onenekin» «Sagardo dastatzea» izanen da, 12.00etan hasita. Arratsaldean pailazoak izanen dira, 18.00etarako sorpresa iragarri dute eta ordubete beranduago, Toka txapelketa izango da. Jaiak igandea arte luzatuko dira.
Gaztetxeak hamasei urte
Herriko gazteek parte-hartze handia dute hainbat ekimenetan, eta halaxe da herriko bestetan ere. Goizuetako gaztetxeak hamasei urte beteko ditu hurrengo azaroan, eta bertako Gazte Asanbladak, horretan lan egiten duenak, ohi bezala herriko bestak antolatzen lan egin du aurtengoan ere. Asanbladako kide Ibai Zubirik azaldu digu zertan datzan lan hori. Atzo izan zen egun garrantzitsuenetakoa gazteentzat, euren eguna ospatu baitzuten. Asanbladak, herriko gainerako gazte koadrilekin batean prestatu zuten hirugarren urtez egitaraua.
Datozen egunetarako kontzertuak prestatu dituzte Gazte Asanbladakoek, eta horretarako Gaztetxea gauero irekiko dute eta 00.00etatik aitzinera izanen dira emanaldiak. Gaur, adibidez, Los Ratones Colorados eta Kuk taldeekin dantzatu ahal izanen da. Biharko «Nesken rock gaua» prestatu dute, eta Las Putas del Mixtol eta Derrame Vaginal, emakumez osaturiko taldeak gonbidatu dituzte.
Gaztetxeko ekitaldiez gain, Gazte Asanbladak Ikastolako Tabernako batzordean parte hartzen du, Guraso Elkartea, Askatasuna eta Umore Ona Elkartea taldeekin batean. Talde bakoitzeko hiru partaide daude batzorde horretan, eta bestetan lan egiteko antolakuntza adosten dute bertan. Taberna hori bestetako egun guztietan egonen da irekita, hogeita lau orduz. Atzotik hasita, beraz, hurrengo igandeko goizaldea arte etengabe lanean arituko dira. Guztira 230 lagun arituko dira lanean, edariak emateaz gain, gosariak eta gainerako otorduak ere banatuko dira. Tabernarekin ateratzen diren etekinak herriarentzat hainbat ekitaldi prestatzeko erabiliko dituzte, eta gainerako dirua, lanean aritu diren taldeen artean banatuko dute. Umore Ona Elkarteak ez du etekinik jasoko, Udalarekin duen akordioa dela-eta, herriarentzat aritzea betebehartzat duelako.
Gaztetxea urte osoan ere irekitzen dute, inauterietan eta Urtezahar gauean, esate baterako. Egun horietan Goizuetan besta egin nahi duenak, aipaturiko guneez gainera, Segiren eta Etxerat-en txosnak izanen ditu aukeran.
Goizuetako Umore Ona duela 24 urte sortu zen. Hasieran lagun talde batek osatutako peña zen, eta herriko bestak antolatzeaz arduratzen zen; adibidez, txaranga berak ekartzen zuen. Gero elkarte bezala eratu zen eta egun Kultur eta Kirol Elkartea da. Dantza taldea eta pilota taldea biltzen ditu, baita abesbatza ere. Herriko Plazan duen egoitza Udalarena da, eta trukean, herriarentzat ekitaldiak antolatzearen betebeharra onartzen du. Hala, bertzeren artean, Ikastolako Tabernaren eraketa bere gain hartzen du; tabernak behar dituen gaiak prestatzeaz gain, bertan lanean aritzen dira elkarteko kideak, inolako etekinik jaso gabe.
Umore Ona peñak, berriz, larunbatean egingo du bere eguna. Bazkaria eginen dute, eta arratsaldean kalejiran ibiliko dira zezenetara joateko ordua arte. Plazako hondarretan «kroketa» bihurtuko dira, eta errekan garbitu ondotik, Plazan merendatuko dute.