GARA > Idatzia > Athletic

Fiorentinaren aurka arituko dira gaur zuri-gorriak 22.00etan hasita. Partida ETB1ek emango du

Frogarik serioena benetako erronka baino lehenago

Caparrosek ustez Ligan titularrak izango direnak hasieratik zelairatuko ditu italiarren aurkako partidan

p036_f01_148x108.jpg

GARA | BILBO

Maila apal eta ertaineko taldeen aurka jokatu ostean, zuri-gorriek Fiorentinaren kontra arituko dira gaur San Mamesen. Italiarrak, bilbotarrak orain arte aurrean izan duten areriorik gogorrena izan beharko lukete.

Iaz, «moggigate» auzian zerikusia izan ostean, Florentziako taldeak Calcio-a 4 puntutako desabantailarekin hasi behar izan zuen. Horrenbestez, azkenean Txapeldunen Ligan sartzeko zorian egon arren, ez zuten euren helburua bete. Hala ere, denboraldi bikaina burutu eta bosgarren lekuan amaitu zuten urtea.

Aurten bere goleatzaile nagusiaren falta izango dute, izan ere Luca Toni Municheko Bayernera joateko erabakia hartu zuen. Bere ordez, talde viola-k azken hamarkadetan italiak eman duen aurrelaririk oparoenatako bat kontratatu du: Christian Vieri. Australian hezitako boloniarra hamar urteren ondoren itzuliko da Katedralera.

Berarekin batera, Claudio Cesare Prandellik zuzentzen duen taldearen barnean, nazioartean oso ezagunak diren hainbat jokalari aritzen dira. Horien artean: Adrian Mutu, Jorgensen, Ujfalusi, Van den Borre edota Pasqual, Dainelli eta Liverani. Azken hirurak, Italiako selekzioarekin behin baino gehiagotan arituak.

Fiorentinari aurre egiteko, Caparrosek ustez Osasunaren kontra, hilaren 26an arratseko 19.00etan, Ligan erabiliko duen hamaikako antzeko bat plazaratuko du. Hortaz, normalena andaluziarrak Iraizoz, Iraola, Ocio, Prieto edo Amorebieta, Exposito, Orbaiz, Javi Martinez, Susaeta edo Etxeberria, David López, Llorente eta Aduriz hautatzea izango litzateke.

Bestalde, atzo plazaratu ziren aurten Athleticeko jokalariek eramango dituzten zenbakien zerrenda. Berrikuntzarik nabarmenena, Garmendia eta Dañobeitia zenbakirik gabe geratu direla. Biak ala biak, gazteak eta harrobiko jokalariak. Batere normala ez den jokabidea, beraz. Gainera, Garmendiak iaz lehen mailan aritzeko maila duela erakutsi zuen. Aurten, arazo fisikoak medio ez du entrenatzeko aukerarik izan kasik. Hala ere, Tarragonan jokatutako minutu apurretan gola egin zuen.

Beraz, zail izango du Caparrosek hori berak hartutako erabaki bat dela argudiatzeko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo