Iker Frade presoaren lagun batek istripua izan du sakabanaketa politikarengatik
GARA | BILBO
Sakabanaketa politikaren ondorioz aurten gertatzen den hamargarren auto istripua jazo zen larunbatean, Altube inguruan. Autoa garabi batek eraman behar izan bazuen ere, gidatzen zihoan euskal herritarra onik atera zen istriputik.
Etxerat elkarteak atzo jakinarazi zuenez, Iker Frade Galiziako Monterroxo espetxean dagoen preso politiko bilbotarraren lagun batek auto istripua izan zuen joan den larunbatean, 14.30 aldera, preso bilbotarra bisitatzera zihoanean.
Preso politikoaren lagunaren autoak, bolante-kolpe baten ondorioz, lurrean itzulipurdia eman zuen, eta bide ertzean gelditu zen bertatik garabi baten laguntzarekin atera arte.
Auto istripua larria izan zen arren, Fraderen laguna onik atera zen, eta astia zuenez, beste auto bat hartu eta garaiz iritsi zen Fraderekin Monterroxon zuen bisitara.