GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Ligaren analisia

Bi estropada erabat ezberdin azken ondorioak ateratzeko

Larunbatean Oriok eguraldi onarekin erakutsitako nagusitasun nabarmena Urdaibaik errepikatu zuen egun bat geroago itsaso oso zakarrarekin

p036_01_199x136.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Asteburuan Zarautzen jokatu diren bi estropadek denetik izan dute. Larunbateko probak ez zuen igandekoarekin zer ikusirik izan, eta traineruek egoera ezberdinetan nola erantzuten duten ikusteko aukera paregabea izan da.

Oriok sekulako erakustaldia eman zuen lehen jardunaldian -zenbait komunikabidek denboraldiko estropadarik onena egin zuela ere aipatu zuten-, eta denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu zuen, nahiz eta bi jardunalditara jokatutako estropada izanik trapurik eramateko aukerarik ez izan.

Igandean, berriz, Urdaibai izan zen jaun eta jabe ohorezko txandan. Pedreñari 20 segundo sartu zizkion; Oriori, 22; eta Zarautzi, 32. Hondarribia eta Castro hurbildu ziren gehien bizkaitarren denborara, baina kontuan izan behar da biek bigarren txandan eguraldiaren laguntza izan zutela.

Emaitzak aztertzen hasita, bi faktore izan behar dira kontuan. Alde batetik, estropaden prestaketan egon daiteke gakoa. Urdaibaik San Miguel Ligan irabazi dituen bost estropadetatik hiru igandez jokatutako probetan irabazi ditu; Oriok, aldiz, bost garaipenetik lau larunbatetan egin diren estropadetan eskuratu ditu.

Eta, bestetik, itsasoaren egoera ere kontuan izan behar da. Denboraldi erdia baino gehiago igaro den arren, San Miguel Ligan igandera arte ez zen jokatu estropadarik itsaso benetan zakarrarekin, eta interesgarria izan zen traineruek nola erantzuten zuten ikustea.

Hor garaile handiena Urdaibai izan zen. Normala den moduan, hasi aurretik zalantzak egon zitezkeen bizkaitarren lanaren inguruan, aurten talde berria dutelako eta talde moduan gabeziaren bat nabarmendu zezaketelako. Baina oso argi utzi zuten itsaso txarrean ere bikain moldatzen direla eta trainerua puntu-puntuan dagoela. Horri guztiari Zurinagak erakutsitako trebetasuna gehitzen badiogu, emaitza ezin hobea da.

Zumaia ere, bikain

Larunbatean motel aritu ostean, Zumaia izan zen igandean lan bikaina egin zuen beste traineruetako bat. Zumaiarrek ere igandeetan askoz estropada hobeak egiten dituzte larunbatetan baino -17 puntu larunbatetan eta 44 igandetan- eta Zarautzen ere hori gertatu zen beste behin.

Emaitzak, ordea, ez ziren hain ezberdinak izan. Igandean lehen txandako ontziek sekulako ekaitza izan zuten, eta estropada ia guztia hamabi arraunlarirekin egin behar izan zuten zumaiarrek. Xabier Eizagirrek bikain gidatu zuen Telmo Deun ontzia, eta egoera berdintsuagotan -arraunlari guztiekin eta haize gutxixeagorekin- zer emaitza lortuko lukeen jakiteko gogoarekin gelditu zen arraunzale bat baino gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo