Imanol Oruemazaga Baseta Garraxika Errepresioaren Ondarruko Biktimen Ahotsa Elkartea
ADIORIK EZ, JABIER!
Isiltasunean bizi izan zara azken urteetan. Isiltasunean hil zara. Isiltasunean azken agurra eman dizugu Ondarroako barra muturrean zure familiak eta horren inguruan bildu garen hainbat herritarrek. Baina, isiltasun hura apurtuz, bat-batean, «Eusko Gudariak» abestia entzun da barra muturrean.
Bai ondotxo ere ezagutu zu, Jabier, han bildu garen zure lagun eta herritarrok. Herri zapaldu honen aldeko zure konpromisoaren garra ez da inoiz itzali zure barruan. 1936ko gerra ostean Ondarroan eman zen lehen antzerkian, han zinen zu antzezle lanetan. Herri borrokan ere sendo, frankismoaren garairik latzenetan. Eta azken orduan, zure azken arnasa ematean, urrun duzun seme iheslariaren hutsunea eta kezka.
Egon lasai, Jabier! Ondarroako barra muturrean «Eusko Gudariak» abestuz agurtu zaitugun herritarrok ez dugu amore emango, zure bihotz barren-barrenean bizitza guztian amestu izan dituzun askatasuna eta independentzia lortu arte. Lortuko dugu, Jabier!