Urtzi Leginetxe
Gipuzkoako Euskal Kirol eta Joko Federazioko lehendakariari
Zeuk eskatu bezala, egindako itaunei erantzunez natorkizu, baita punturen bat argitzeko ere. Lehenbizi, argitu guztia Bizkaiko lurraldean kokatzen egiten dudala. Bai Aldundia, Joko Federakundea, bai lege dekretu eta guztiak Bizkaiko lurraldean kokatzen.
Federazioak (Bizkaikoak) aurkeztuko duen lege berriaren inguruan duzun kezkari buruz, esan neuk ere badaukadala, baina, lehengoan esan bezala, oraindik zurrumurru bat da. Agian jendea nahasi nahian.
Argitu ere, Aldundiaren eta Federazioaren (Bizkaikoak) egitekoei buruz esaten duzunaz, neurri batean arrazoi duzula; baina epaileek, joko arauak errespetarazteaz gain, albaitari «lanak» egin behar dituzte albatairirik ez dagoen probetan, animaliaren ongizatea kontrolatzeko.
Antolatzaileei eta idi jabeei buruz diozunaren harira, zurekin bat nator; antolatzaileek ezer gutxi egin dute (kasu batzuk salbu) eta, azken finean, iskanbila sortzen dugunak idi jabeok gara. Idi jabe asko aritu izan da, zuk diozun bezala, bere animalia maitatzen duela esan eta handik bost minutura idi berbera bortizki kolpatu eta ziztatzen.
Nik neuk probetatik akuiluak kenduko nituzke; animaliek dutena erakutsi dezatela inork behartu gabe (beste herrialde batzuetan egiten da, Kantabrian adibidez). Eta dena kentzea gehiegi balitz, makilatxo batekin zirikatzeko baimena, baina ez jotzeko eta zigortzeko. Eta hau horrela egin daitekeen frogak daude. Guk geuk bi bikote izanda, bikote biak akuilua erabili gabe aritu izan dira eta batere kolpatu gabe irabazi dituze probak. Erabili ahal zenean ere ez zitzaien ziztatzen. Nahi duenarentzat bideoak ditugu froga bezala. Anima- lien indarra neurtzeko egiten diren saioak dira eta pertsonen ziztatzeko abilezia neurtzeko saioak; edota nork behartzen dituen gehiago edo gutxiago.
Besterik gabe, eta zerbaitetan lagundu bazaitzaket, hemen duzu animalia proba garbi eta egokien alde egingo duen bat. Animoak zuek aldundiarekin dituzuen tirabirekin, eta ea noizbait federazio guztiek bat egiten duten euskal kirol guztiak bultzatzeko.