GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aste Nagusian zirkura joateko ohitura galdu gabe

Aste Nagusia ez litzateke gauza bera izango urteroko Zirku Mundia- la gabe. Etxebarria parkera heldu da aurten ere ikustaldi hori. Irailaren 4a arte akrobata, pailazo, animalia eta beste hainbat emanaldiz gozatu ahal izango dugu.

p022_f02_250x124.jpg

Naia DIEZ

Hogeita hamabi urte lanean daraman zirko hori, ia jendez beterik dago emanaldi guztietan, lehenengo egunotan behintzat. Sarrerek hamabi eta hogeita hamabi euro bitartean balio duten arren, esan moduan beteta egon da, lehenengo ilarak batez ere, nahiz eta eserleku horiek garestienak diren.

Zirkua joan den ostiraletik irailaren laura arte egongo da Begoña auzoko Etxebarria parkean. Egunean bi emanaldi ditu, bi orduko iraupenekoa bakoitza.

Bere helburua? Adin guztietako ikusleak entretenitzea.

Lehenengo emanaldia arratsaldeko 17.30ean egiten da, eta hurrengoa 20.15ean. Bihar, etzi eta larunbatean beste saio bat ere emango dute gaueko 23.00etan.

Hemen egon eta gero Salamancara joango da, beraz, nahi duenak orain aprobetxa dezala, hona ingurura, momentuz, ez delako berriz etorriko.

«Zirkua da gure bizitza» abesten egin digute harrera ikuskizunean parte hartzen duten guztiek, ikusleok txalotzen dugun bitartean. Esan bezala, nagusi, txiki zein gazte. Zirkua umeentzako dela esaten dutenak nahiko oker daude, igandean gutxienez, gehienak nagusiak eta gazteak izan ginelako. Ikuskizun batzuk joan den urtekoak bezalakoak izan arren, hainbat berri egon dira. Bigarren zatian egiten duten Infiniturako Bidaia, espazioko akrobatena, da horren adibidea.

Akrobazioak izan dira nagusi ikuskizunean, baina era ezberdinetan eta jantzi eta metodo ezberdinekin.

Ikusleak gehien harritu dituen saioetariko bat, Jarda Rossen magic showa izan da. Jarda Magoak hainbat trikimailu sinestezin egin ditu eta, bakoitzak geure buruari hura nola egiten zuen galdetzen genion bitartean, ez dakigu nola bi emakume agertu dira sutan zegoen kutxa txiki batetik; zinez harrigarria.

Nola ez, zirku gehienetan gertatzen den bezala, animaliak izan dira Miss Auroriren saioan: sei tigre, bost elefante, zaldi bat eta bi txakur. Oraindik ere jendeak gustoko ditu mota horretako emanaldiak, baita txalotu ere, nahiz eta hainbat hiritan animalien erabilera hori debekatzen duten, Bartzelonan kasu. Baina, horrez gain, zaldiak dantza egin du, tigreek salto egin dute eta elefanteak bata bestaren gainean jarri dira.

Asko txalotu duten beste agerraldi bat Eguzkiaren Zazpi Semeen Dantza izan da. Break dance delakoa egiten duten zazpi gazte horiek ikaragarri ondo egiten dute dantza, beso eta hanketan duten indarra erakusten duten bitartean.

Emanaldiaren erdialdean hamar minutu inguruko atsedenaldia egin dute eta, tarte horretan, umeentzako jolasak saldu dituzte; beti bezala, ume gehienek gurasoek erostea lortu dute, badirudi zirkura joatea ez dela nahikoa txikientzat.

Horren ondoren, zirkuak jarraitu du. Bost metroko bola antzeko bat atera dute eta hiru gizon sartu dira bertan, The Medina Brother's delakoak, motor banarekin. Infernuko motoristak deitzen diren horiek orduko 120 km-ko abiadura hartzen dute. Harrigarriak izan dira hain espazio txikian, bakoitzak bere aldetik eta besteak ukitu gabe, egin dituen akrobaziak.

Pailazoak ere izan dira eta, nahiz eta hasieran badirudien txikiek baino ez dituztela gogoko izango, azkenean nagusiek ere barrezka amaitu dugu Carletto pailazoarekin. Ikusleen artetik hainbat pertsona hartu ditu eta boxeo saio inprobisatu bat egin dute, barregarria benetan Carlettoren ekitaldia. Gainera, saio ezberdinen artean pailazoak agertu dira agertokia aldatzen duten bitartean ikusleak ez aspertzeko; bai ideia ona.

Berrikuntza gisa Infiniturako Bidaia; Garcia Brother's espazioko akrobatek egin dute eta, egia esan, ikaragarria izan da.

Kohete moduko espaziontzi bat zegoen goiko aldetik zintzilik eta, bertatik, mutil bat eta neska bat agertu dira. Mutilak neskari eusten dion bitartean, horrek ahotik soka batekin lotu du eta bueltaka hasi da. Bukatzerakoan, txaloak eta txistuak entzun dira edonondik.

Amaitzeko, aipatzekoa da emanaldietan erabili duten musika. Abesti guztiak ezagunak izan dira, ezagunak eta animatuak; Rocky, Matrix eta Tarzan filmetako hainbat abesti entzun ahal izan ditugu eta horrek publikoa are gehiago animatzea ekarri du.

Eta, musikarekin jarraituta, bukaeran ere «zirkua da gure bizitza» abestu dute, oraingoan ikusleekin batera. Nahiz eta batzuentzat abesti hori soberan egon, gehienek abestu eta txalotu dute, eta amaiera horrek ikaragarrizko algara sortu du.

Zirku Mundialak hainbat sari irabazi ditu 32 urte hauetan eta, beharbada horregatik, Europako zirku ezagunenetakoa bihurtu da. Kontinenteko hiri gehienetako jaietan izan da, eta Bilbo ez da salbuespena.

Datorren urtean ere, gure hirian berriz egotea espero dugu eta, dirudienez, askok esperientzia errepikatuko dute.

Ohitura batzuk ez dira galdu behar, eta hau da horietako bat.

Elefanteekin gosaltzen Avenida hotelean

Elikaduran adituek diotenez, gosaria da eguneko otordurik garrantzitsuena. Hori aintzat hartuta, Barcelo Avenida hotelak Zirku Mundialeko elefanteak gonbidatu zituen atzo bertako gosaria dastatzera. Hiru elefante eme eraman zituzten hara eguerdiko hamabietan eta, bertan, mahai handi baten gainean, hainbat fruta eta barazki izan zituzten: sagarrak, laranjak, letxugak kuiatxoak... Nahiz eta eguraldia oso ona ez izan, hainbat pertsona hurbildu ziren animaliak ikustera. Oraingoan umeak ziren gehienak, eta elefanteek beren kabuz jan ostean, umeak ilaran jarri eta banan-banan hasi ziren pakidermoei ahora janaria ematen. Oso txikiak ziren umeak beldurtuta egon arren, azkenean lortu zuten gurasoekin hurbiltzea eta animaliei jaten ematea.

Ikuskizun polita izan zen baina hamabost minutuko iraupena baino ez zuen izan, eguraldi txarragatik. Ekintza hori urtero egiten dute, beraz, aurten hurbildu ezin izan duzuenok badakizue datorren urtean non eta norekin gosaldu.

Naia DIEZ

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo