Negoziaziorako baldintzak berreskuratzea beharrezkoa dela dio Pernando Barrenak
Mahaikideak «eskubide guztiak errespetatuko diren agertokiaren» aldeko ezker abertzalearen konpromisoak «bere horretan» jarraitzen duela berretsi zuen, konponbidearen premia «inoiz baino handiagoa» delako.
GARA | IRUÑEA
Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko beharrezkoa den negoziazio prozesua «amaituta» dagoela adierazi zuen atzo Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Horretaz gain, «elkarrizketarako oinarrizko premisak» betetzen ez diren arren, eskubide zibil zein politikoak errespetatuko diren agertoki baten premia «inoiz baino handiagoa» dela gaineratu zuen Barrenak.
Egungo euskal egoera politikoa hizpide izan zuen elkarrizketan, hainbat gairen inguruan mintzatu zen Batasunako kidea. Bake prozesuaren porrotaren arrazoiak aurkitzeko orduan, esate baterako, horiek bi mementotan bereiztu zituen. Barrenaren ustez, alderdi politiko batzuk mahaian eseri ez zirenean batetik, eta Gobernu espainolaren eta ETAren arteko negoziazioak amaitutzat jo zirenean -maiatzaren amaieran-, bestetik, gertatu zen aipatu prozesuaren lurjotzea.
Egoera horri buelta emateko, «negoziaziorako eta elkarrizketarako oinarrizko baldintzak» bilatu behar direla adierazi zuen agintari abertzaleak, «herri honek behar duen bake agertokia» lortzeko xede horretan. Ildo horri eutsita, Barrenak ezker abertzaleak Anoetako proposamenean hartutako konpromisoa berretsi zuen.
Bestalde, etorkizunera begira ezker abertzaleak «malgutasunez eta irmotasunez» lan egingo duela adierazi zuen, elkarrizketa eta negoziazio politikoaren unea «ahalik eta azkarren» ailegatu dadin. Gainera, ezker abertzaleak egungo egoeraren «analisi sakona» egiteko duen asmoaren berri eman zuen Barrenak. Horretarako «beharrezkoa den autokritika guztia» egingo dutela aipatu zuen, «etorkizunean egin beharrekoak ondo egiteko».
Egoera politikoaren azterketarekin jarraituta, azken bi urteetako ziklo politikoan gertatukoaren garrantzia azpimarratu zuen Barrenak. Bi urte hauek PSOEren eta EAJren jarrera politikoa argitzeko balio izan dutela adierazi zuen, dituzten «ezkutuko eta ageriko interesak» azaleratzeko, alegia. Politikari nafarrak adierazi zuenez, azken hori «oso argi» izango dute «formulazio eta ekimen politiko berriak» abiarazteko orduan.
Azkenik, negoziazioetan eztabaidaturiko lau herrialdeetarako autonomia proposamena gogorarazi zuen eta, aditzera eman zuenez, planteamendu hori «erabat egingarria» da, baita «gatazkaren konponbiderako benetako proposamena» ere.
«PSN ez da nafarrentzat»
Nafarroak bizi duen testuinguru politikoari ere erreparatu zion Pernando Barrenak. Agintari nafarraren aburuz, aldaketa ez bada gertatu, «esparru politikoan aldaketa eman ez delako» izan da. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuaren osaketaren osteko egoera politikoa «zorigaizto» moduan definitu du, Pernando Barrenaren ustez «nafar guztientzat» ezbeharra baita UPN boterean izatea.
Horretaz gain, kide abertzaleak ez du uste PSN Nafarroarentzako moduko alderdia denik «beste alde batetik datozen interesei men egiten dielako».
Azkenik, Eskoziako Gobernuak planteatu duen azken proposamena izan zuen hizpide Barrenak. Herrialdeari independentzia ahalbidetu diezaiokeen erreferenduma «arreta osoarekin» jarraitu beharreko fenomenoa dela nabarmendu zuen.