GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroako Auzitegian deklaratzera deitu dituzte Etxalarko alkatea eta Lesakako bi hautetsi

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Auzitegian deklaratzera deitu dituzte Etxalarko alkatea eta Lesakako Udaleko bi hautetsi. Hauteskunde kanpainan EAE-ANVren ilegalizazioa zela-eta Lesakan egin zuten ekitaldi bat eragotzi zuen Guardia Zibilak. Orduan gertatutakoei buruz Guardia Zibilak egindako txosten bat dela-eta, epailearen aurrera adierazpenak egitera deitu dituzte hiru lagunak.

Gaur eginen dute, 11.30ean, eta ondotik elkarretaratzera deituta dago hiru herritar horien kontrako ekimena salatzeko. EAE-ANVk deitu du elkarretaratzera, eta prentsarako adierazpen batean jakinarazi zuenez, Patxiku Irisarri eta Marine Pueyo bertan izanen dira, talde abertzaleko bertze hautetsi batzuekin batean.

Patxiku Irisarri da Etxalarko alkatea, eta horrez gainera, EAE-ANVk Nafarroako Legebiltzarrera aurkezturiko zerrendako kidea. Andoni Sarasola da deitutako bertze laguna, aurreko lau urteetan Herria Aintzinera taldean zinegotzi izana. Hirugarrena Iban Maia da, aurtengo hauteskundeetan EAE-ANVren zerrendaburua Lesakako Udalean. Guardia Zibilaren txostena dela-eta auzipetutakoak hautetsiak dira, eta demokrazia eza salatzen dute. Hiru kide horien kontra bideratutako ekimenak oinarrian arazo politikoa duela azaldu dute.

Orduan gertaturikoa

Hauteskunde kanpainan, Lesakan Udalera aurkezturiko bi zerrenda debekatu zituzten. Egoera horretan, EAE-ANVk ilegalizazioa eta demokrazia eza salatzeko ekitaldi bat antolatu zuen herrian, eta bertan ezker abertzaleko hainbat herritarrek parte hartu zuen. Guardia Zibila agertu zen orduan, eta ekitaldia debekatu zutela jakinarazi ondoren, hura eragotzi zuen. Orduan salatu zutenez, horretarako indarkeria erabili zuten poliziakideek, eta istiluak sortu ziren. Lesakatik egun hartan GARAri egindako dei batean salatu zutenez, EAE-ANVko zerrendaburuari eraso zioten.

Istiluak eta haien ondorioak orduan akabatu zirela pentsa bazitekeen ere, ez da horrela izan, eta deklaratzera deitutako hiru bortziriarrek ezustean hartu dute berak auzipetzen dituen zitazioa. Nahasmena da nagusi; epaileari egoera azaldu eta dena horretan gelditzea espero dutela jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo