GARA > Idatzia > Euskal Herria

«nire osabaren irudia erakusketan ikusteak esfortzuak merezi izan duela pentsarazi zidan»

Bidaiak eginak ditu, baina akaso hau izan da beldur eta, aldi berean, poz handiena eman dionetako bat. Bere osabaren zorigaiztoko istorioa Flossenbürgeko konzentrazio esparruan zabaldu duten erakusketa batean jaso dute, naziek hil zuten toki berean, hain justu.

p018_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Hitza eman zuen eta guk ondo hartu ere. Alemaniara abiatzear zela, itzulitakoan ikusitakoak, sentitutakoak eta ezagututakoak kontatuko zizkigula zin egin zuen eta hala egin ere.

Joan aurretik urduri eta gogotsu zegoen. Urteak pasa ditu Anton Gandariasek osabak, Anjel Lekuonak, 36ko Gudan lehenik eta ondoren Estatu frantsesean eta Alemaniako konzentrazio esparruetan bizitakoak ikertu eta ezagutu nahian lanean. Non eta zergatik atxilo hartu zuten ezagutzeko jakinmina piztu zitzaion orain dozena erdi bat urte bai eta Flossenbürgeko konzentrazio esparruan naziek nola eta zergatik hil zuten jakitekoa ere.

Jakin min hori asetzeko ekin zuen bide horretan ezagututako historialari batek, Elena Rodriguezek, proposatu zion bere osabaren istorioa esposizio batean lau haizeetara zabaltzea eta egindako eskaintzari balekoa eman zion gernikarrak. Ilusioz zihoan erakusketaren zabalera ekitaldira eta bere osabari eskainitako panela ikustera ; baina, aldi berean, bere ikerketa lanean lagungarri izango zitzaizkion datuekin topo egiteko esperantzak era bultzada eman zion.

«Lasai, oso lasai itzuli naiz»

Zalantza eta itxaropenekin abiatu bazen, pozik eta, aldi berean, asebeteta itzuli zen Alemaniatik. Erakusketa bera, «berriztu eta eraberritutako» barrakoi batean antolatua dago. Gandariasek aitortu du, bertan ikusitakoak ez direla batere gustagarriak, zirrara eragin ziotela lehen unean. «Krematorioa esaterako, beldurgarria iruditu zitzaidan, harrigarria eta tristura eragiteko modukoa da pertsonak hiltzeko zer nolako teknologia garatu zuten ikustea», azaldu du. Bestelako une hunkigarriak ere bizitzeko aukera izan zuen: «Konzentrazio eremuan egon eta bizirautea lortu zuten bi agurek, esaterako, parte hartu zuten irekiera ekitaldian; horietako batek bibolina jo zuen eta jendea urtzeko modukoa izan zen».

Hala ere, bidaiako mementurik sentikorrena erakusketa zeharkatzen ari zela iritsi zitzaion. Zerrenda luzean estatu ezberdinetako presoen istorioak jasotzen dituzten panelak daude kokatuta eta tartean Gandariasen osabarena. «Tio-ren panelean bere istorio guztia kontatzen da, nola Espainiako Gerratik ihesi joan zen, ondoren Estatu frantsesean atxilo hartu zutela, konzentrazio esparruan egon zela... Guztia alemanez eta ingelesez», azaldu du. Panela bera ikustean emozioek gainezka egin ziotela aitortu du Gandariasek. «Argazkiak ateratzeko ere nahikoa lan izan nuen. Tristura eta aldi berean poza sentitu nituen, baita satisfazio pertsonal handia ere. Urteak eman ditut osabaren paraderoaren inguruan datuak biltzen eta benetan egindako lan guztiak merezi izan duela sentitu nuen».

Baina egindako lanean ez ezik, aurrera begirako lanean ere pentsarazi zion panelak gernikarrari. «Hasitako bidean jarraitzeko bultzada bat izan da hau, eta gehiago jakiteko gogoa piztu zait indar gehiagoz». Ezinegonari lasaitasuna ere gehitu zitzaion. «Itzulera bidaia bakarrik egin nuen eta joan aurretik nuen larritasunari buelta eman eta buruari makina bat buelta eman nizkion, lasaitasun sentsazioarekin etxeratu naiz».

Eta etxera itzuli eta ikusi eta bizitakoak kontatutakoan? «Bideo kamara batez grabatu dut bidaia guztia eta hori erakutsi nien familiakoei. Amak barre egiten du, batez ere; etxeko besteei, berriz, ilusioa egin die osabaren panelaren gainean kontatutakoak eta irudiak erakutsi dizkietenean». Anjel Lekuonaren istoria ez da familian eta Flossenbürgeko erakusketan gordeta geratuko, Anjel Lekuonaren ibilbidea eta heriotza beste erakusketa batean plazaratzeko aukera dagoela jakinda itzuli baita Gandarias Euskal Herrira.

Ordurako informazio eta datu gehiago jasota egoteko esperantza dute Antonek eta bere senideek. «Tio-ren irudiak Alemaniako erakusketan ikusita interesa piztu zaie eurei ere eta datu gehiago lortzeko gogoa sortu», azaldu du. Beraz, bilaketa bide horretan bide lagunak izango ditu aurrerantzean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo