GARA > Idatzia > Euskal Herria

Handitzen, handitzen, Elgoibarko karrikak umorez zipriztindu arte

Hamar besta egun dituzte zain elgoibartarrek; hamar egun koloretsu eta hamaika josteta. Gaur eguerdian hasiko dituzte herriko jai nagusiak, sanbartolomeak, Plaza Handian txupinazoa botata. Bertan, ikurrina jaso eta kanpaiak astintzearekin batera, parrandarako grina handitzen eta handitzen joanen da herritarren barrenean, eztanda egin eta kaleak umorez zipriztindu arte. Udalak eta Malako Jai Batzordeak egitarau polita prestatu dute besta gogo hori asetzeko.

p024_f02.jpg

GARA |

Elgoibarko kaleek kolore biziko oihalak jantzi dituzte. Pozarren daude, badakitelako sanbartolomeak segidan abiatuko direla, Plaza Handian txupinazoa bota eta Mauxitxa fanfarrearekin kalejira hasi bezain azkar. Eguerdiko ordu batean izanen da hori, baina aitzinetik ere badira ekitaldiak. Haurren lan esplotazioari buruzko argazki erakusketa bat ireki zuten atzo kultur etxean, Urduñako Fernando Moleresena. Erreportaje handi horrek Eugene Smith sari entzutetsua eskuratu du eta irailaren 8a arte izanen da ikusgai Debabarreneko herrian. Adingabekoen esplotazioaren aurkako borrokan lagundu nahi du Moleresek, eta horretarako egoera gogorrei begiratzen die objektiboarekin: El Salvadorko mutiko bat gerrillari talde batean; Manilako neskato prostituta batzuk; Indiako bizargin ttipi bat; meatzari kolonbiar bat, lanerako palaren altuerara iristen ez dena; Zanzibarko arrantzale bat bera baino bi aldiz handiagoak diren olagarroak astindu nahian...

Irudi horiek guztiak kultur etxeko erakusketa gelan daude bilduta, eta ateak astelehenetik larunbatera egonen dira zabalik, 19.00etatik 21.00etara.

Artea ez ezik, kirola ere bada Elgoibarko besten lehenbiziko txanpa honetan. Gaur goizeko bederatzietan Etxanizen omenezko LXI. Txirrindulari Lasterketa hasiko dute elite mailako amateurrek, 19 eta 23 urte arteko gazteek. Plaza Handitik abiatuko dira eta Santa Klaran izanen dute helmuga.

Seietan, berriz, futbol partida jokatuko dute Elgoibarko taldeak eta Anaitasunak Mintxetako Udal Futbol Zelaian, eta jarraian, zazpietan, Kirol Argazkien Bigarren Lehiaketan aurkezturiko lanen erakusketa irekiko dute kultur etxeko sotoan. Irailaren 2a arte bisitatzen ahalko da, astelehenetik larunbatera, 19.00etatik 21.00etara.

Jaietan adin guztietako herritarrek gozatzen dute, baina umeek bereziki, eta makina bat ekintza dago eurei begira antolatua. Adibidez, Jolastoki Bikaina izanen dute gozagarri 16.00etatik 20.00etara Plaza Handian eta Aita Agirre plazan. Euria ari baldin badu, aldiz, ikastolan ari beharko dute ttipiek saltoka eta jostetan. Dultzaina-jotzaile, kankailu eta buruhandiekin dantzatzeko beta ere izanen dute 17.00etako kalejiran.

Malako Gune Askea

Udalaz gain, Malako Jai Batzordeak ere antolatzen ditu ekitaldiak. Gaur arratsaldeko seietan irekiko du bere gunea Napoka Iria herriko taldearen ikuskizunarekin. Gauerako, «Aironfest» kontzertua dago iragarrita: Hellgoibarrek, Arima Beltzak eta bertze talde batzuek Iron Maidenen bertsioak joko dituzte.

Ez dira eguneko musika saio bakarrak izanen, Neurotikak eta Betagarrik alaituko baitute Plaza Handia 23.00etatik aitzinera. Bihar ere, San Bartolome eguna izaki, mota guztietako doinuak adituko dira: dultzaina-jotzaile eta txistulariek diana joko dute, parrokiako abesbatzak kantatuko du, musika bandak kontzertua emanen du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo