GARA > Idatzia > Eibar

«Mailak zer edo zer esan nahi du baina futbola, futbola da beti»

p041_f01_97x180.jpg

Javier MANDIOLA

EIBARREN ENTRENATZAILEA

Amets ederra bete zuen ekainean, herriko taldea Bigarren Mailara itzuli baitzen. Baina ez dago atsedenik, eta, larunbatetik aurrera, beste erronka bat izango du Javier Mandiolak: taldea mantentzea. Eta berriro ere helburu zaila duela onartu arren, entrenatzaile eibartarrak baikortasunez ekingo dio, denboraldi-aurrean taldea «ondo jokatzeko gai» dela ikusi baitu.

Amaia U. LASAGABASTER |

Mailaz aldatu duenez, hainbat berrikuntzari aurre egin beharko dio Eibarrek. Nagusia, mailako talde indartsuena izateari utzi diola eta maila berriko talde apalena dela orain. Eta horrek helburua aldatzea dakar: igotzetik mantentzera. Aldaketa horri aurre egiteko, nortasuna mantentzea erabaki dute gipuzkoarrek, eta horretarako, Javier Mandiola izango dute berriro ere proiektuaren buruan.

Heltzear dago lehen partida ofiziala Bigarren A Mailako entrenatzaile gisa. Nolabaiteko urduritasuna sortzen du horrek?

Iazkoa bezalakoa, berdin-berdina. Ilusio berberarekin nago, urduritasuna ere berbera da... Azken finean, lehiaketa bat hasten da eta aurreko sentsazioak antzerakoak dira.

Berezitasunak ere badauzka. Iaz, den-dena erakutsi behar genuen; aurten hemen egoteak, berriz, iaz helburua bete genuela esan nahi du.

Horrek nolabaiteko segurtasuna ematen du, garantia bat, konfiantza. Zer edo zer lortu eta errespetu pixka bat irabazi dugu. Baina komentatu dugun urduritasun hori ez da desagertzen. Benetako lehiaketa hasiko da berriro, erronka berriekin, zailtasun berriekin... Urduri baina gogoekin nago, ahalik eta arinena hasten bada, hobe.

Maila berria da zuretzat, baita hainbat jokalarirentzat ere. Ezberdintasunak aurkituko dituzue.

Mailak zer edo zerengatik daude hor. Bigarren B Mailako indartsuenak igotzen dira, eta, hala eta guztiz ere, urtero ikusten da taldea ez badute, ondo sendotzen justu samar ibiltzen direla. Futbola beti da futbola, baina mailak zer edo zer esan nahi du eta argi dago maila honetan taldeek kalitate handiagoa dutela, indartsuagoak direla.

Horregatik, mailarekin batera taldearen helburua ere aldatu da. Iazkoa igoera zen, baina aurten askoz apalago aritzea egokitzen zaizue, mantentzea asmo apaltzat jo ezin bada ere.

Beno, matematikei jarraitzen badiegu, igotzea zailagoa da, Eibarrentzat maila hau zein gogorra den badakigun arren, baina ehunekoa erabiltzen badugu, adibidez, igotzea zailagoa da. Azken finean, Bigarren B Mailan 80 talde ginen guztira, eta lau bakarrik igo ginen, %5 besterik ez; aurten, berriz, mailari eusten dion %80 horretan egotea espero dugu.

Baina matematikak alde batera utzita, gauza bat argi dago. Iaz, igotzeko, gauza pilo bat ondo egin behar izan genuen, baita zorte pixka bat eduki ere. Eta aurten antzerako zer edo zer egin beharko dugu. Mantentzea ez da batere erraza, eta adibide garbiena zera da: urtero jaisten direnak jaistea espero ez zuten lau izaten dira; are gehiago, batek baino gehiagok igotzeko egiten du taldea, eta azkenean jaitsi egiten da. Lau horietako bat ez izatea espero dugu.

Helburu hori betetzeko egin behar den lehen urratsa talde sendo bat osatzea da. Helburu zaila da batez ere goitik behera berregin behar denean. Eibarrek egin al du lehen urrats hori?

Alde batetik, jendeari talde sendoa garela transmititzera behartuta nago, baina egia esan behar badut ere, hori da benetan pentsatzen dudana. Talde zaila gara; ez dugu erraztasunik emango. Egongo dira, gainera, momentu larriak, eta askotan, nahiz eta ondo jokatu, aurkariek beste maila bat erakutsiko dute, kalitate puntu bat gehiago Bigarren B Mailan baino, eta egongo dira, beraz, galduko ditugun partidak nahiz eta ondo jokatu.

Horregatik, gure erronka nagusia egokitzearena litzateke: momentu bakoitzean, jokatu behar den moduan jokatu behar dugu; praktikoak izan behar dugu eta aurkarientzako gaitzak. Maria Errauskin garela pentsatuta etorriko dira, eta gure aurka jokatzea zaila dela erakutsi behar diegu. Hasieratik errespetu hori lortzen badugu, beharbada zeresana emango dugu.

Denboraldi-aurrearen irakurketan ahalmen horren arrastorik sumatzen al da?

Alde positiboena aipatu beharko banu, nik Racing de Santanderren aurka egin genuen partida hartuko nuke, Lehen Mailako talde bati aurre egiteko gai izan baikinen. Momentu askotan eurek baino gehiago izan ginen; eurek baino gehiago egin genuen. Nabarmentzekoa da, entrenatzaile berria baitaukate eta erakusteko gogoarekin ekin baitiote jokalariek denboraldi-aurreari, eta ezin izan zuten gurekin. Bertan erakutsitako mailan mugitzen bagara, ondo arituko garela uste dut. Ondorio positiboena, beraz, ondo jokatzeko gai bagarela izan daiteke. Denboraldian hango maila ematen badugu, Bigarren Mailan ere zer edo zer egiteko aukera izango dugu.

Taldea, baina, defentsan aritu da batez ere sendo. Golak ez ditu hain erraz egin.

Normala da. Hemen, atzeko sendotasun hori lortzeko, goiko jendeak ere lan egin behar du, eta horren ondorioz freskotasun horren falta egoten da. Beste talde batzuk egoten dira gol asko sartzen dituztenak baina asko jasotzen dituztenak ere bai. Hor daukagu Real Madrilen adibidea Sevillaren aurkako partidan. Bakoitzak ahal duena egiten du, dituen jokalarien ezaugarriei jarraituta, baita bere gustuei ere jarraituta. Alde horretatik, gure asmoa etxea betiere behetik hastea da. Eta hortik aurrera, zenbat eta dotoreago egin, orduan eta hobe.

Golak, hala ere, beharrezkoak dira. Ezinbestekoa izango al da aurrelari famatu hori ekartzea lasaiago bizitzeko?

Ez da erraza. Eibar gara eta argi daukagu beste talde bat, maila berekoa izan arren, tartean sartzen bada, normalena jokalaria Eibarrera ez etortzea dela. Baina askotan hona datorrenak beste leku batzuetara joaten direnak baino askoz ilusio handiagoa izaten du, badakielako hemen egongo dela eta gora joateko aukera on bat eduki dezakeela.

Eta Eibarrek badaki horrek ere etekinak eman ditzakeela.

Bai, horregatik ez zaigo komeni urte askotarako jokatzera datorrena. Hona jendeak de paso etorri behar du: gauzak hemen ondo egin, futbolari profesional gisa sendotu, eta ondoren, dirua irabaztera eta tituluak irabaztera beste leku batera joan. Horretarako aukera izaten dute hemen, maila erakusteko, jokalari onak direla erakusteko. Eta guk jokalariaren ilusio hori taldearen onerako aprobetxatu behar dugu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo