GARA > Idatzia > Futbola

Euskal Herriko zortzi talde arituko dira Bigarren B Mailan

Zortzi euskal talde izango dira Bigarren B Mailan eta aurten, gainera, aspaldiko partez, denak bigarren multzoan izango dira. Helburu ezberdinak izango dituzte. Batzuk Bigarren Maila buruan dutela ekingo diote, beste batzuk lasai ibili nahian, eta besteek mailari eusteko asmotan.

p044_f01_177x140.jpg

Jon LEUNDA

Bigarren B Maila ere datorren asteburu honetan jarriko da abian. Aurten, berriro ere, talde euskaldun guztiak bigarren multzoan izango dira. Azken urteetan Nafarroakoak hirugarrenean aritu ostean, aurtengo denboraldirako batu egin dituzte. Gainera, aspaldian ez bezala, Arabak ez du ordezkaririk izango maila honetan.

Real Union, Real Sociedad B, Athletic B, Sestao, Barakaldo, Lemona, Osasuna B eta Peña Sport izango dira euskaldunen ordezkariak maila zail horretan. Helburuak oso ezberdinak izango dituzte. Real Unionena, Barakaldorena eta Sestaorena, igoera fasea jokatzea izango da. Irundarrek, gainera, aurten ez dute hutsik egin nahi. Azkeneko hiru ahaleginetan huts egin dute eta aurten Bigarren Mailan jokatzeko txartela lortu nahi dute. Horretarako, taldea asko indartu dute, eta maila hori izango dute helburu nagusi.

Barakaldok eta Sestaok ere igoera buruan dutela ekingo diote denboraldiari, gutxienez igoera fasea jokatzeko aukera ematen duten lehen lau postuetan amaitzea izango baitute helburu nagusia. Hori bai, Kopa ere ez dute baztertzen, beti izaten baita Lehen Mailako talderen baten aurka jokatzeko aukera, eta hori denen gustuko da.

Lemonak zail dauka talde handiekin lehiatzea, baina bizkaitarrek iaz denboraldi bikaina egin zuten, nahiz eta azken txanpa luze samarra gertatu zitzaien. Aurten ere, sailkapenean lasai ibiltzea da helburua, larritasunik gabe, alegia, baina goikoei estualdiren bat edo beste ematea ez dute baztertzen. Peña Sport da talde berria. Bigarren B Maila ez da ezezaguna berentzat, baina orain dela bi urte galdutakoa iaz berreskuratu ostean, behingoz maila horri tamaina hartu eta lasai ibili nahiko lukete. Mailari eustea izango da horien helburua.

Realak, Athleticek eta Osasunak, helburu berak dituzte. Jokalari oso gazteekin egindako taldeak dituzte, eta haientzat ez da maila batere erraza izaten, eskarmentu handiko jokalariak baitabiltza talderik gehienetan. Hala ere, lan txukuna egitea izango da asmoa. Beheko postuetatik aparte samar ibiliz gero, goikoetara hurbiltzea ere ez dute baztertzen, baina halako taldeekin ezin da inoiz jakin, denboraldi oso ona izan daiteken moduan, txarra ere izan baitaiteke, oraindik ikasten ari baitira.

Aurten izango ez direnak, arabarrak dira. Aurrera Vitoria, Alaves B eta Amurrio urte askoan izan dira maila horretan, baina iaz Amurrio baino ez zen geratzen. Azken postuan amaitu zuten, eta horiek ere jaitsi egin ziren. Hala, herrialde hori ordezkaririk gabe utzi zuten maila horretan.

Aurrekontu handiak

Bigarren B Maila oso maila zaila da. Eskualdeetako herri nagusietako talde asko izango dira, eta dauden lau multzoetan, gogorrenetakoa izango da bigarren hori. Real Unionek, Barakaldok eta Sestaok aurkari oso gogorrak izango dituzte lehen postuetako borroka horretan.

Burgos, Leonesa, Palentzia, Zamora, Huesca, Logroñes CF eta CD Logroñes ere euskaldunen asmo berarekin aterako dira. Burgosek aurten ere jokalari euskaldun mordo bat izango du, eta taldeari igotzea beste aukerarik ez zaio geratzen. Leonesa eta Zamora ere urtero ari dira dirua gastatu eta gastatu, baina ez dute helbururik lortzen. Hala ere, aurten asmo horrekin aterako dira berriro ere.

Logroñoko bi taldeak dira jokalari euskaldunez osatutako beste bi taldeak. CF taldeak urtero egiten du lehen lauretan sartzeko taldea, baina ez du inoiz lortzen. CD taldeak, berriz, arazo ekonomikoekin jarraitu arren, igoeran ikusten du diru iturria lortzeko bidea.

Hiriburuetako talde horiez gain, Ponferradina ere oso kontuan hartu beharko da. Iaz galdu zuen Bigarren Maila, eta hori berreskuratzera datoz. Taldea indartu dute, eta aurealdea, esaterako, erabat euskaldundu dute, Irurtzun eta De Paula fitxatu baitituzte. Biak ere Lehen Mailan eskarmentua duten jokalariak dira.

Talde euskaldunek aurten, ordea, ohikoak ez diren bi bidaia ere egin beharko dituzte, ez baita normala multzo horretan Gaztela-Mantxako taldeak ikustea, baina aurten Conquense eta Guadalajara multzo horretan izango dira. Iaz lortu zuten biek maila horretara igotzea, nahiz eta Cuencakoak lehen ere urte askoan egondakoak diren, eta orain dela hiru, gainera, Bigarren Mailatik oso gertu izan ziren.

Genetsek eta Avironek etzi jokatuko dute lehen derbia

CFA Mailako taldeak izan dira denboraldiari ekiten azkarrenak, asteburu honetan jokatuko baitute hirugarren jardunaldia, eta derbia izango da, gainera.

Partida horrek sekulako ikusmina piztu du eta, etzi, 19.00etan, Saint Jean zelaiko harmailak gainezka izango dira lapurtarren arteko derbi hori ikusteko asmoarekin.

Izan ere, berez partida hauek interes berezia izaten badute ere, aurten handiagoa izango du. Biek egin dute N1era igotzeko taldea eta horretarako diru asko gastatu dute, baita jokalari asko ekarri ere.

Hasiera, gainera, itxaropentsua izan da. Genetsek jokatu dituen bi partidak irabazi egin ditu, azkenekoa 0-5 Chatelleraulten zelaian, eta lehen postuan dago. Avironek, biak berdindu egin ditu, baina aurkari zuzenen kontra izan dira bi partidak.

Ligaz gain, Kopak ere garrantzia izango du, bien asmoa baita Lehen Mailako talderen baten aurka jokatu ahal izatea. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo