GARA > Idatzia > Musika

Jaietako gau «arrunta», baina ederra era berean

Giro aparta dago eta batzuk (neskak gehienbat) dantzan (miraria ote?). Haserre aurpegia duen morrosko batek euskal rocka jartzeko eskatu dit. Bi orduz beste erritmo batzuk entzuteko aukera izango dela azaldu diot. Garrasika, auzo horretan «amerikar musika modernoa» ez zaiela gustatzen esan dit, bozgorailuetatik talde nigeriar batek duela hamar urte grabatutako kantua entzuten den bitartean

Aritz SOUND SYSTEM

Kazetari eta musika adiktoa

Abuztuaren 10a, Zarauzko Azken Portu auzoko jaiak. Gaueko egitaraua; Neu eta Root System taldeen kontzertua, eta ondoren ni musika jartzen. Auzoan sartzeko arazoak izan ditut (bidea moztuta dago, baina soinu ekipo astuna daramat) eta txosna ondoko espaloian aparkatu dut (isuna jarriko ote didate?). 20.30ak. Agertokian Neu taldearen soinu proba. Antolatzaileekin ekipoa afaldu ostean muntatzea erabaki dugu. Afaria Root' System Ipar Euskal Herriko lagunekin egin dut. Ederra oso afaria eta tabernakoen tratua, eta ederra gau giroa. 23.30ak. Euskal puntualtasuna berriro ez puntuala. Ederrak kontzertuak. Plaza eta txosnak jendez gainezka daude. Gustura. Ekipoa txosna ondoan muntatu dugu (agertokian jar nintekeen, baina ez dut ezer ikusgarririk egiten eta «hotz» gera daiteke. Nahiago dut jendearen «berotasunean» egon). Kostata, baina lortu dugu dena muntatzea (hau jende mordoa, eskerrak antolatzaileak finak diren). Dena prest. 03.15. Neska gazte eder batek barrenak hustu ditu kableen gainean. Klinexaren GKEa dirudit. 03.30ak. Heldu da nire txanda. Giro aparta dago eta batzuk (neskak gehienbat) dantzan (miraria ote?). Haserre aurpegia duen morrosko batek euskal rocka jartzeko eskatu dit. Bi orduz beste erritmo batzuk entzuteko aukera izango dela azaldu diot (begirunea euskal rockari). Garrasika, auzo horretan «amerikar musika modernoa» ez zaiela gustatzen esaten dit, bozgorailuetatik talde nigeriar batek duela hamar urte grabatutako kantua entzuten den bitartean. Jende guztiaren gustuko musika jartzeko «eskatu» dit. Hori bai erronka. Igandean Tapia eta Leturiaren emanaldia dagoela eta beraiei «Pakito el Chocolatero» eskatzen badie joko dutela esaten dit. Nik ez dudala hori egiten azaldu diot (begirunea Tapia eta Leturiari). Hori bai nerekoikeria nirea! Jendearen zerbitzura bai, baina ez aginduetara. Bitartean, gauean zehar hamabost bat lagun gerturatu zaizkit jartzen ari naizenagatik interesatuta. Batzuek taldeen izenak apuntatu eta Interneteko «mirariari» esker lortuko dute diskoa; beste batzuei, berriz, diskoaren grabazioa posta bidez bidaliko diet. Ederra da jendearekin harremana. 05.00ak. Festa amaitzeko unea da. Antolatzaileak pozik daude gaua ederra izan delako eta datorren urterako gonbidatu naute. Ekipoa jaso eta etxera joan naiz. 07.00ak. Gosaldu ondoren oheratu naiz «ederra» hitza zenbat aldiz errepikatuko nuen kontatzen dudan bitartean.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo