GARA > Idatzia > Musika

Mendebalde eta ekialdearen lotura

p058_f03_185x100.jpg

Aritz Sound System

Gutxi batzuek mendebalde eta ekialdeko kulturen arteko harremana soilik gatazkatsua izan daitekeela sinetsarazi nahi diguten bitartean, beste batzuek, musikaren bidez, hori horrela ez dela erakusten digute. Komunisten «mehatxua» gaindituta, musulmanak dira orain etsaiak. Terrorea (militarra eta kulturala) mundu osoan zehar inposatzen duten mendebaldeko gobernu aberatsek terroristaz inguratuta gaudela sinetsarazi nahi digute eta desberdin bizi, pentsatu edo sinesten duena etsai bihurtzen dute (euren interes ekonomiko eta politikoen aurka doan bitartean, jakina).

Beldurraren kultura. Gezur horri aurre egiteko tresna aproposa da musika. Transglobal Underground mendebaldeko kapitalismoaren bihotzean sortu zen, Londres hirian. Urtetan munduko herriak bortizki ustiatuz aberastu den Londres hiria kultura desberdinen topaleku da. 90eko hamarkada hasieran Transglobal Undergroundek hesi asko apurtu zituen. Londresen dauden kultura desberdinen musika adierazpideak elkartu eta ordura arte ozta-ozta landutako nahasketa osatu zuen. Oinarri elektroniko baten gainean (abiadura desberdineko beat elektronikoak erabilita; rap, breakbeat, jungle, dub, etab.) Ipar Afrikako, India eta Pakistango eta orotar ekialdeko kultura desberdinen musika tradizioak uztartu zituen. Disko berrian bide horri eutsi dio eta, nahiz eta orain ez den zerbait «berria», lehen bezain ederra eta aberasgarria izaten jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo