GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizi-bizi, hasiak dira piperzaleen jaiak Ibarran

Abuztua bere azkenera eta Ibarrako jaiak indarrez hasi. Inguruetako herritar askok dute urteroko hitzordua Tolosaldeko herri horretako jaietan, baina ibartarrak dira zalantza izpirik gabe gogotsuen zeudenak, gozatzeko eta parrandarako egunak baitituzte. Igande bitartean makina bat ikuskizun izango da herrian eta guztiei ere ez zaie ez gatzik ez piperrik faltako.

p025_f02.jpg

Maider EIZMENDI |

Hasiak dira San Bartolome jaiak, baina oraindik ere igande gauean piperra erre bitartean festarako nahi adina denbora dute ibartarrek.

Astearte gauean, jaietan egongo ez diren presoak gogora ekarri eta horiek etxeratu ditzatela aldarrikatzeko afaria egin zuten; atzo, berriz, gaztetxoek bapo igaro zuten eguna, eurentzat apropos antolatutako ekintza mordoa izan baitzuten aukeran, eguerdian suziriak jaien hasiera iragartzearekin batera.

Gaur ere izango da zer ikusi eta gozatu Tolosaldeko herri horretan. Esaterako, 11.30ean «Pernando Amezketarra Izaskunen» herri-antzerkia egingo dute. Ibarrako kaleetan barna ikuskizunaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen den edonork Hauspoa Kultur Elkartearen eskutik. Ikuskizunaren bitartez, Pernando Amezketarra Tolosaldean hain ezagun den pertsonaiaren pasadizo bat kontuko dute; Izaskunen bi ardi lapurtu zituenekoa, hain zuzen. Ikuskizunak lau atal ditu, eta horietako bakoitza herriko toki ezberdin batean antzeztuko dute. «Jendeak, beraz, antzezlan guztia ikusi nahi badu, batetik bestera jarraitu beharko gaitu», azaldu du Hauspoa elkarteko kide Jesus Peñagarikanok.

Hogei bat «aktorek» osatzen dute antzeki taldea, baina osotara 80 bat lagunek parte hartuko dute kale antzerkian, bai figurante moduan, bai pasartetik pasartera izango diren dantza eta abestietan. Gainera, Peñagarikanok deia egin du: «Edonork parte har dezake; nahikoa da garai batean janzten ziren moduan-edo janztea». Aurtengoa zazpigarren urtea dute kale antzerkia egiten hasi zirenetik. «Lehen bi urteetan, antzinako ezkontza bat antzeztu genuen; hirugarren urtean, ordea, Ibarra Tolosatik bereiztu zela 200. urtea betetzen zen eta probetxu atera genion okasioari. Azken urteetan Ibarrarekin zerikusia duten istorioak lantzen ditugu herriko jaietan antzezteko», azaldu du.

Egin beharreko lana handia da eta horregatik martxoan hasi ohi dira prestatzen; hau da, istorioa aukeratu, artxiboan arakatu, antzezteko egokitu, aktoreak izendatu eta entseguak egiten. «Uztailaren hasieran-edo hasten gara testuak irakurri eta entseguak egiten. Uda denez, jende guztia batzen zaila izaten da eta azken egunera arte aritzen gara lana prestatzen», azaldu du. Urtero-urtero jende berria erakartzen saiatzen dira; aurten aktoreen artean bostek lehenengo aldiz hartuko dute parte ekitaldi horretan, «figurante moduan jardungo duten beste hainbat pertsonak bezalaxe». Antzerkia amaitutakoan, parte- hartzaileek aukera dute Uzturpe ikastolan egingo duten txekor jatean bapo jateko.

Bihar jaietako egun handia dute. Aukeran izango diren ekitaldien artean nabarmentzekoa da ibartarrak batean eta bestean ezagun egin dituen eta jaietako ikur den piperrak nagusitasuna izan duen ekitaldia. Eguerditik aurrera izango da urdaila gozatu nahi dutenentzat hitzordua, orduan hasiko baitira San Bartolome plazan piperrak eta tomateak dastatzeko banatzen. Janari eta edanari eta parrandari, noski, neurri hartu beharrean dira ibartarrak; bai, behintzat, larunbatera, Kirolaren Egunera, indarrez eta sasoia galdu gabe iritsi nahi dutenek, egun horretan goizean goizetik hainbat kirol ikuskizun ikusi eta horietan parte hartzeko aukera izango baitute.

Igandean, jaien azken egunean, koadrilek hartuko dute lekukoa, eta ondo hartu ere. Eguerdian elkartuko dira San Bartolome plazan, eta kalejiran ibili ostean, zikiro-jatea izango dute. Gogoa eta kemena duenak goizaldera arteko jaiaz gozatzeko aukera izango du.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo