GARA > Idatzia > Musika

Rip Curl Music Festival, surfa eta rocka dakartza Biarrizko uhin andanak

Orain dela 50 urte hasi omen ziren estreinakoz surfean Biarrizko itsasalde paregabean. Data biribil hau gogoratu nahian ospatuko da bertako hondartzan Rip Curl Music Festivala, surf kirolari ezagunez eta musika doinuz betea. Asteburu hezea ur eta musika uhinetan barrena.

Anartz BILBAO | BILBO

Ezaguna da gure itsasbazterrek surfean aritzeko eskaintzen duten aukera paregabea, eta ezaguna da, bestalde, surfak eta musikak sarri izan ohi duten lotura. Biarritzen, esaterako, mende erdi daramate uhinen gainean kulunkan, eta data hori ospatu nahi izan dute doaneko musika jaialdi baten bidez. Hona Rip Curl Music Festivala, bi egunetan zehar zazpi talde Biarrizko hondartzan bilduko dituena.

Bihar 19.00etan ekingo dio jaialdiak festari, hiru talderen parte hartzearekin. Hasteko, Tom Curren. Kalifornian sortua, 80ko hamarkadan munduko surf txapelketa bi lortu, Angelun jarri bizitzen eta 1990ean hirugarren txapela jantzi zuen. Egun Panaman bizi da surflari musikaria eta bihar bere country-rock akustikoa eskainiko digu Biarritzen gitarraren laguntzarekin. Ziurrenera, ohola ere ekarriko du, badaezpada. Jarraian, Landetatik, Gwayav'. Surfzale amorratuz osatutako taldeak reggaez blai dakar «Blood inside» izeneko lana. Bukatzeko, Le Peuple de L´Herbe lyondarrak. 2001ean «Triple Zero» izeneko lanarekin debutatu zuen drum & bass, acid jazz eta trip hopa nahasten dituen taldeak eta orain laugarren lana aurkeztuko du, «Radio Blood Money» (Pias/Supadope), hilaren bukaeran argitaratzekoa dena. Taldearen izenak marihuanari keinu bat egiten dio eta taldearen musikak Virginie Despentes-ek zuzendu zuen «Boise-moi» filman parte hartu du.

Elise do Brasil disko jartzaileak itxiko du gaua, 23.00etatik aurrera.

Dirty Pretty Things

Larunbatean bukatuko da jaialdia, lau talderen parte hartzearekin. 19.00etan Poney Poney izenpean, Paristik etorriko den Antoine pop bakarlaria. Ondoren, Amen Birdmen-en rocka. Duela bi urte Parisen sortutako seikoteak «Across the Atlantic» plazaratuko du aurki. Izar nagusien aurretik, Xavier Rudd australiarraren herri musika. 1978an Torquay-n sortutako surflariak makina bat musika tresna jotzen ditu, didgeridooa eta djembea besteak beste, eta «White Mouth» laugarren lana aurkeztuko du, abuztuaren 30ean Gasteizko Azkena Rock jaialdiko aurkezpen jaian jo aurretik.

Dirty Pretty things -Stephen Frears-ek 2002an zuzendutako filma bezala- talde britainiarra izango dugu jaildiko izarra, Pete Doherty-k Libertines taldean kide izan zuen Carl Barat-en talde berria. 2005ean sortua, boladan dagoen britainiar rock berria garatzen duen taldeak iaz argitaratu zuen debuta, «Waterloo to Anywhere» (Mercury/Vertigo). Egun lan berria prestatzen eta grabatzen ari dira, datorren irailerako aurreikusten dutena. Zuzenean Muse eta Red Hot Chili Peppers taldeak lagundu ditu, besteak beste, Estatu frantsesean arrakasta handia duen laukote modernoak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo