GARA > Idatzia > Euskal Herria

Informatika-teknologiak erabiltzeko aukera dago Errotxapeako Red Conectan

Nafarroako Gaztelan Fundazioak Esplai Fundazioarekin eta Microsoft- ekin duela urte batzuk abiatutako Red Conecta plana bertze bi urterako berritu zuen atzo. Informatika gizarte osoari zabaldu nahi diote.

p017_f02_148x112.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Nafarroako Gaztelan Fundazioak Esplai Fundazioarekin eta Microsoft enpresarekin duela hiru urte abiarazi zuen Red Conecta plana berritzeko konpromisoa hartu zuen atzo Iruñean. Informatika-teknologiak erabiltzeko zailtasunak dituzten gizarte sektoreei aukera ematea da ekimenaren helburu nagusia, modu horretan, gizarte osoak izan dezan teknologia horietara heltzeko modua.

Sektore horietan kokatzen dira berez zailtasunak dituzten eta gizartetik kanpo geratzeko arriskuan dauden kolektiboak. Horiez gain, adineko jendea eta emakumeak hartzen ditu kontuan egitasmoak.

Errotxapeako Red Conecta Zentroa 2004an sortu zen, gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan diren kolektiboei informatika-teknologietara iristen laguntzeko eta, gisa horretan, prebentzioan oinarritutako laguntza emateko edo beren egoerari aurre egiteko. Zentro hori Esplai Fundazioak bultzaturiko Red Conecta Estatu mailako egitasmoaren barnean dago. Errotxapeakoa Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak laguntzen dute. Egun, hainbat funtzio betetzen ditu: batetik, lan mundura bideraturiko informatikako hastapen tailerrak ematen dira; bertzetik, gizarte lanetan ari diren taldeei zuzentzen zaizkie, zentroaren instalazioak eurek erabili ahal izateko, eta azkenik, «erabilera askea» deituriko zerbitzua ematen da norberaren egoera zaila dela-eta informatika-teknologiak erabiltzea ezinezkoa zaien pertsonei; Errotxapeako Red Conectako instalazioak erabiltzeko aukera ematen zaie. Horrez gainera, behar izanez gero, laguntza emanen dieten langile boluntarioen arreta izanen dute.

Hiru urte hauetan izandako esperientziari begira, Amaia Kanpion Gaztelan-eko koordinatzaileak esan zuenez, «ondorio nabarmenena pertsona horiek informatika ikasteko eta erabiltzeko gai direla ikusten dutela da. Beraz, bertzelako gaiak ikastea posible egiten du, gaitasunak ernatu eta indartzeko aukera bat baitira Red Conectako zerbitzuak».

Kanpionek beste alderdi bat bereziki nabarmendu nahi izan zuen: gizarte lanetan dabiltzan eta, beraz, zailtasunak dituzten kolektiboekin lan egiten duten taldeei eskaintzen zaien zerbitzua dela. Bide batez, argi utzi nahi izan zuen ematen den laguntza pertsonalizatua dela, hau da, Errotxapeako zentrora joaten den edozeini bere beharren araberako laguntza ematen zaiola. Gisa horretan, lan bila dabilen norbaiti, informatika ikastaro bat eskainiko zaio, bai eta informatikaren bidez lana bilatzen erakutsi ere.

«Conecta ikasgela mugikorra»

Atzoko prentsaurrekoan bertze egitasmo bat ere aurkeztu zuten. Gaztelan-ek Nafarroako Gobernuak bultzatutako «Hurbil zaitez informatika-teknologiara» ekimena kudeatzen du, eta horretarako, «Conecta Ikasgela Mugikorra» abiarazi zuten joan den urtean. Errotxapeako zentroaren helburu berberak Nafarroako herri guztietara zabaltzeko ahalmena bilatzen da. Esplai Fundazioarekin ere hitzarmena lotu dute. Orain arte Iruñerrian egin du lanik handiena, baina urtez urte geografia osora iristea espero dutela azaldu zuen Kanpionek.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo