GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sarriegik eta Estiballesek bertso bazkari umoretsua eskaini zuten

Bilboko Plaza Barrian egin zuten atzo herri bazkaria. Eguraldi kaxkarra zela-eta, antolatzaileek arkupeetan jarri zituzten mahaiak. Fredi Paya bertsolaria etortzekoa zen, baina haren ordez, Aitor Sarriegi izan zen Arkaitz Estiballe- sekin batera. Larraitz Cisneros egon zen, baina nabaria izan zen, bestalde, Kepa Junkeraren falta, eta, horiek hala, bertso askoren «biktima» izan zen. Giroa alaitzeko asmoz, bertsolariek elkarri iseka egiten eman zuten denbora dezente.

p019_f01_250x113.jpg

Ianire RENOBALES |

Urtero bezala, bertso bazkari bat egin zuten atzo, Bilbon, Aste Nagusia dela-eta. Printzipioz, Santiago plazan egiteko asmoa zuten antolatzaileek, baina eguraldiagatik, planak aldatu, eta Alde Zaharreko Plaza Barrian egin zuten.

Beste aldaketa bat ere izan zen. Fredi Paya bertsolariak etorri behar zuen baina, haren ordez, Aitor Sarriegi bertaratu zen Arkaitz Estiballesekin batera. Gonbidatuen artean, Larraitz Cisneros zegoen, txupinera. Azken hori bi bertsolarien artean eserita egon zen.

219 lagun bildu ziren orotara Plaza Barriko arkupeetan. «Urtero 200-250 mahaikide izaten gara bazkari honetan. Beraz, aurten ere pozik geratu gara lortutako emaitzarekin, giroa ere primerakoa izan da», esan zuen arduradunetako batek. Bazkariaren salneurria, 15 euro. 13.30ean hasi behar zuen, baina horrelakoetan gertatu ohi den legez, ordu eta erdi geroago hasi ziren jaten, tripa-zorriek jota. Tarte hori animatzeko asmoz, lau lagunek, akordeoia, alboka eta pandereta hartuta, abesti batzuk jo zituzten. «Hegoak ebaki banizkion» kantarekin asko batu ziren festara. Guztiek hartu zuten platera gogotsu. Hasteko, patatak errioxar erara prestatuta, eta jarraitzeko, solomoa piper gorriekin. Ondoren, hostopilezko eta kremazko tarta. Amaitzeko, kopa, nahi beste, eta kafea, aukeran.

Ordu batean amaitu zuten guztiek jaten. Batzuk, zigarroa eskuan; besteak, edaria; guztiak bertsolariak noiz hasteko zain zeuden. Azkenean, arratsaldeko lauretan, Arkaitz Estiballesek hartu zuen mikrofonoa, eta laster hasiko zirela jakinarazi zuen. Hori bai, bertsotan egiteko baimena bostak arte baino ez zuten. Izan ere, ordu horretan hasi behar zuten gau horretan joko zuten musikariek entseguak egiten.

Pregoilariaren arrastorik ez

Bertsolarien txanda heldu zen, eta euren hitz jarioari ekin zioten. Hasierako gaien artean, bazkariak izandako «kalitate eskasa» aipatu zuten. Baina Kepa Junkera musikaria izan zuten laster hizpide. Larraitz Cisneros bazkari osoan egon zen, baina pregoilariaren falta nabaritu zen. Ostean, hainbat gairi buruz bertsotan ibili ziren luze. Besteren artean, falta zirenak aipatu zituzten, eta txupineraren eta pregoilarien arroparen koloreari buruz aritu ziren. Amaiera aldera, berriz, aulkietatik ipurdia altxatu zuten eta mahaikideek osatzen zuten pasealekutik aurrera eta atzera ibili ziren. Gaia aldatu, eta bertaratu zirenei bertso batzuk eskaini zizkieten. Bat baino gehiago gorriarazi zuten beren ateraldiekin. Azkenean, hau ere kantuz, bi bertsolariak agurtu ziren: «Eta entzuleei eskerrik asko eta hurrengo urtera arte». Txalo zaparrada batekin agur esan zieten Sarriegiri eta Estiballesi.

Bertsolari biak elkarri iseka egiten eta barrez ibili ziren

Arkaitz Estiballes iazko bertso bazkarian ere izan zen. Giroa antzekoa izan zela adierazi zuen, baina eguraldi txarraren eragina ezin ahaztu zitekeela aipatu zuen. «Santiago plazan egiteko asmoa genuen bertan bilduago geundelako. Eguraldia orain arte txarra izan da, baina jendea parrandarako gogoarekin ikusi dugu», esan zuen Estiballesek. Aitor Sarriegi, ordea, lehen aldiz egon zen atzo bazkari horretan. «Horrelakoetan, jende asko dagoenean, aukera dago batak besteari burla egiteko eta bide hori aukeratu dugu», aipatu zuen azken horrek. Maitasuna edo azken urteetan hartutako kiloak izan zituzten hizpide. Hala ere, ondo konpontzen direla argitu zuten bi bertsolariek barre artean. I. R.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo