GARA > Idatzia > Mundua

KRONIKA | nabluseko martiriak

Israelgo armadaren estrategia alaitasun tarterik ez egoteko

Israelgo Armada gauero sartzen da Nabluseko kaleetan. Astelehen gauean hildako bat eragin zuten. Nasim Ali Mbrouk zuen izena eta 38 urte zituen. Al-Ain iheslari eremuan bizi zen eta PAHFko kidea zen. Zazpi seme-alaba zituen, guztiak ere murriztasun fisiko eta psikikoekin.

p027_f01_199x096.jpg

ASKAPENEKO BRIGADA PALESTINAN

Dolu eguna zen atzokoa [asteartekoa] al-Ain eremuan. PAHFko (Palestina Askatzeko Herri Frontea) burkideak ez ezik, beste alderdietakoak ere bertan ziren Nasim Ali Mbrouk-i azken agurra emateko.

Hamas-eko zein al-Fatah-ko kideak hildako gudariari azken agurra emateko bildu ziren Nabluseko iheslarien eremu horretako karrika estu eta malkartsuetan. Karrika horietatik gora dolu-ibilbidea egin ondoren, eremuko hilerrira eraman zuten.

Jendez gainezka zegoen. Lurperatzeko orduan PAHFko burkideek tiroak airera bota dituzte metrailetaz, eta bertan zegoen isiltasuna apurtu dute.

Ali Mbrouk sendiaren kontra gogor egin du Israelgo errepresioak. Baina hau ez da aparteko gauza Palestinako familia txiroen artean. Beste anaia bat ere martiri da. 41 tiro eman zizkioten. Horietako bat buruan, beste 40ak gorputzean. Armatua zegoen, baina pistola txiki bat baino ez zuen Israelgo Armadaren soldadu multzoari aurre egiteko. Etxeko teilatu-laura jo zuen babes bila, baina han harrapatu zuten.

Ali Mbrouk bera ere espetxean egondakoa da. 2004an utzi zuten aske. Iheslarien eremuko bizitzara bueltatzea aske uztea dela esan badaiteke.

Estrategia mingarria

Egun 11.300 palestinar daude preso Israelgo espetxeetan. «Familia guztiek dute norbait kartzelan», esaten digu dendari batek. Semeak biziarteko hiru espetxe-zigor bete behar ditu.

Ali Mbrouken anaiak ere espetxean izan dira. Borrokan egiten duen familiak zigortzeko estrategia mingarria erabiltzen du Israelek.

Klandestinitatean dagoen borrokolariaren anaiak espetxera eramaten ditu. Txandakatzen doaz. Bat askatzen dutenean, beste bat sartzen dute. Eta gero hirugarrena. Eta laugarrena. Hala, borrokalaria harrapatu arte. Estrategia horrek ez du atsedenerako betarik uzten. Familiakide bat askatzen duten egun berean hurrengoa atxilotzen dute. Modu horretan, familiari ez diote alaitasunerako tarterik uzten.

Ali Mbrouken emazteak ere errepresioa zuzenean pairatu izan du. Eremuan zebilen miliziano talde batekin hitz egiteagatik, Israelgo soldaduek bi tiro bota zioten. Batak matrailean eman zion. Besteak, bularrean, bihotzetik gertu. Ospitalera eraman behar izan zuten. Ez zen erabat osatu, baina astelehenean etxera bueltatu zen. Zazpi ume ezinduak zituen zain. Umeak ikusi zituen, baina senarra apenas. Ez zioten berarekin afaltzeko aukerarik utzi.

Gau horretan bertan akabatu zuten. Iheslarien eremura sartu nahi zutenean, Israelgo soldaduen bidean lehergailu batek eztanda egin zuen. Horri erantzuteko, frankotiradore batek Ali Mbrouken kontra egin zuen tiro. Tiro batek buruan eman zion; beste batek, sabelean.

Dolua zen nagusi atzo al-Ain eremuan. Baina Nablus inguratzen duten checkpoint edo kontroletan ez zen halakorik. Egun normala zen haientzat. Ez zen haietako inor hil. Hildakoa Israelgo soldadu bat denean soilik hartzen dituzte ezohiko neurriak.

Hau da, ez dute Nablusen sartzen edo irteten uzten. Horrelakoetan, argi eta garbi utzi nahi dute soldadu baten biziak palestinarrenak baino askoz ere gehiago balio duela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo