GARA > Idatzia > Kultura

CRíTICA quincena musical

Maria Bayo Genevako Ganbera Orkestrarekin, gaur, Kursaalen

Maria Bayok Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartuko du berriz ere, «Hegoaldeko Erregina: Bizet eta Berlioz-etik zarzuelara» izenburuko egitarau erakargarriarekin. Oraingoan, soprano nafarrak Genevako Ganbera Orkestra izango du lagun.

p050_f01_97X76.jpg

GARA | DONOSTIA

«Hegoaldeko Erregina: Bizet eta Berlioz-etik zarzuelara» egitarauan, frantses tradiziorik onena eta zarzuela espainola uztartuko ditu Maria Bayok gaur, iluntzeko zortzietan, Kursaal auditoriumean egingo duen kantaldian. Oraingo honetan, Genevako Ganbera Orkestra izango du lagun. Suitzako talde ezaguna -musika-tresna historikoekin jotzen duena- Ruben Gimenok zuzenduko du. Gimeno valentziarra Galiziako Gazte Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da.

Gaurko saioa Genevako Ganbera Orkestrak hasiko du, Georges Bizet (1838-1875) musikagile frantziarraren «Sinfonia do maiorren» lanarekin. Hamazazpi urte besterik ez zituen «Carmen» ospetsuaren egileak obra hori ondu zuenean. Bizetentzat sinfonia hori eskolako ariketa bat besterik ez zen, eta, hortaz, sekula ez zen jo zezaten saiatu. Obra 1932an berraurkitu zuten, eta lehen entzunaldia 1935eko otsailaren 26an egin zuten, Basilean.

Bizeten «Sinfonia do maiorren» jo ondoren, Genevako Ganbera Orkestrak Hector Berliozen (1803-1875) «Béatrice et Bénedict» operaren obertura joko du, eta Maria Bayo soprano nafarrak opera horretako «Je vais le voir» abestuko du. Ondoren, Genevako Ganbera Orkestrak eta Maria Bayok «Zaïde» boleroa interpretatuko dute.

Kontzertuaren bigarren atalean zarzuela nagusituko da. Atal horretan, Jeronimo Jimenezen (1854-1923) zarzuela hautatuak eskainiko dituzte -«Las bodas de Luis Alonso», «La tempranica» eta «El baile de Luis Alonso»-, Manuel Fernandez Caballeroren (1853-1906) «La Marsellesa» zarzuelako «Sal de alma mía» obertura, Ruperto Chapiren (1851-1909) «Exposición universal» zarzuelako fandangoa eta valentziar jota, eta, azkenik, Gonzalo Roigen (1890-1970) «Cecilia Valdés» kubatar zarzuelako Ceciliaren irteera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo