GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«"Zutabe" aldizkarien banaketekin loturarik ez nuela bazekitela esaten zidaten poliziek»

p002_f02.jpg

 
GIULIANO CAVATERRA, estatu frantsesean batasuneko nazioarteko saileko arduraduna

Paristarra da jaiotzez eta 38 urte ditu. Herenegun, Polizia frantsesak atxilo hartu zuen, eta atzo arratsaldean bertan askatu zuten Baionan. Batasuneko kidea, torturapean lortutako adierazpen batzuengatik atzeman zuten.

Giuliano Cavaterra Batasuneko Nazioarteko Saileko arduraduna da Estatu frantsesean eta herenegun atxilotu zuen Polizia frantsesak Baionako bere etxean. Joan den urtarrilaren 6an Guardia Zibilak Sebas Bedouret kazetari frantsesa atxilotu zuen Hernanin eta bera torturatuta lortutako deklarazioak medio eraman zuten gatibu Cavaterra. Kargurik gabe aske utzi zuten atzo arratsaldean. Nekatuta eta atseden hartzeko gogoz egon arren, GARArekin hitz egiteko beta hartu zuen Batasuneko ordezkariak.

Zer moduz zaude egun eta erdi komisaldegian igaro eta gero? Nolakoa izan zen atxiloketa unea?

Ondo, ondo nago. Atxiloketa unea zaila izan zen, goizeko 6.00etan, baina egokia. Ez zen atxiloketa bortitza izan. Miaketa oso txikia egin dute. Eta polizia etxean, beno, lasaia esan beharko. Sebas Bedoureten istorioarekin lotuta zetorren nire atxiloketa, eta banekien, nolabait espero nuen. Eta horregatik, banekielako, ez diot uko egin euren galderei erantzutea edo frantsesez hitz egitea. Normal aritu naiz.

Eta nondik norakoa izan da polizien itaunketa?

Galdetu didate ea zer pentsatzen dudan Sebas Bedouretek egindako deklarazioen inguruan. «Sebasek esan zuen zu zarela `Zutabe' aldizkariaren banatzailea», esan zidaten. Eta nik ukatu egin dut eta kitto.

Bazenekien lehenago edo geroago askatuko zintuztela?

Ez, ez. Beldur nintzen Parisa eramango ote ninduten; poliziek beharbada ez nindutela eramango esan dute, baina ez nuen konfiantzarik. Pentsatzen nuen Parisa eramango nindutela gutxienez deklarazioa egitera-edo, baina zorionez aske gelditu naiz. Orain arte ez dago nire aurkako kargurik. Ez dute aipatu, gainera, Batasunaz ezertxo ere ez, ez nik egiten dudan lana, ezta beste ezer ere.

Apirilean, prentsaurrekoan, zeuk adierazi zenuen Bedouret zure aurka egitera behartu zuela Guardia Zibilak.

Bai, bai. Eta halaxe izan da. Orduan esan nuen Justizia frantsesak ikerketa bat hasi zuela, eta hori izan da nire atxiloketaren zioa. Baina Estatu espainolean irekitako prozedurarekin ez du zerikusirik; ezberdina da. Gainera, poliziek berek esaten zidaten bazekitela nik ez neukala inolako loturarik «Zutabe»en banaketaren istorio horrekin.

Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo