David Ardanaz Urtegiak Mehatxaturiko Bizilagunen izenean
Julio askatu, Solidarioak aurrera
Joan den egunean, hiru urtez preso egon ondoren, Ibai Ederra solidarioaren askatasuna ospatu genuen Agoitzen. Oraingo honetan, berriz, berri txarra dator, Julio Villanueva solidarioaren atxiloketa, hain zuzen. Horrelakoa da urtegia, inoiz bukatzen ez den soka tamalgarria, inoiz ahazten ez den istorio amaigabea.
Juliok orain dela hamaika urte beste zazpi lagunekin batera urtegiko kableak moztu zituen. Horren ondorioz, lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten eta espetxean sartu den hirugarren solidarioa da.
Urtegiak kaltetuak izanik, solidarioek bere momentuan egin zutena eskertzeko luze jo beharko genuke. Ez baitugu inoiz jakinen zein egoeratan egongo ginatekeen urtegiko kableak moztu izan ez balira eta urte oso batez urtegia gelditu izan ez balitz.
Urtegi beherako biztanleak izanik, ekintza egin eta urtegia gelditzearren bere momentuan plazaratu ziren arrazoiekin bat egiten dugu, eta ezin uka ekintza horren ezinbestekotasuna inoiz baino garbiago gelditu dena. Horretaz jabetzeko, Ama lurraren portaerari begiratu behar. Ama lurra behin eta berriz adierazten ari da era gardenean zuek egindakoarekin bat egiten duela: bere hotzikarak -mila eta berrehun inguru lurrikara-, bere oihuak -berrehun inguru burrunba- eta bere mugimenduak -ezkerreko magalaren irristatze prozesua- horren seinale baitira. Gizarteak, hala ere, entzungorrarena egiten du, deus gertatuko ez balitz bezala. Gizartea, hala ere, hondamendia noiz helduko zain dago.
Eutsi gogor, Julio. Zuek utzitako testigantzari etengabean egiten diogu so, etsipenaren besaulkiak harrapa ez gaitzan.