GARA > Idatzia > Euskal Herria

Chivitek «batasuna eta lasaitasuna» eskatu dizkie gutun batean PSNko kideei

Miguel Sanzek kargua hartu zuen eguneko data du PSNko idazkari nagusiak afiliatuei bidalitako eskutitzak. Hainbat alderdikidek egindako kritikek egoera konpondu baino alderdia ahulduko dutela dio.

p016_f02_091x132.jpg

GARA | IRUÑEA

PSNko idazkari orokor Carlos Chivitek gutun bat igorri die alderdiko afiliatuei eta «lasaitasuna, baretasuna, naretasuna eta, batez ere, orain inoiz baino gehiago batasuna eskatu» dizkie. Eskutitzean, Chivitek bere alderdian gertatzen ari denarekin «ardura» agertzen du. Bere esanetan, «alderdikide batzuek matxinadarako eta alderdiaren zatiketarako edota desagerpenerako deia egiteak ez du laguntzen federazio mailan hartutako erabakiak -partekatu ez, baina onartu duguna- sortutako egoera gainditzen».

Ildo horretan, PSNren baitan bilerak egitea eta eztabaidak antolatzea begi onez ikusten duela esaten du gutunean, baina ez du «ulertzen bilera horiek alderdiaren zuzendaritzaren bizkar egitea, Eskualde Batzordeko kideek parte hartzea eta bertan hartzen diren erabakiak alderdiaren zuzendaritzari igorri aurretik, komunikabideei jakinaraztea».

«Saiatu naiz nire esku zeuden baliabide guztiak erabilita federazio mailako zuzendaritzaren erresistentziei aurre egiten. Eta, era berean, argumentuak baliatuta, NaBai eta IU-NEBekin batera gobernu askotarikoa eratzen saiatzea merezi zuela konbentzitzen ere saiatu naiz, horrek arriskuak izanda ere», esaten du Chivitek. «Ulertzen ez ditudan, baina seguruenik oinarri sendoak dituzten maila handiko arrazoiek eragotzi dute Nafarroako sozialista gehienek, ni barne, nahi genuena egitea», esan du Chivitek.

Bere iritziz, eta abuztuaren hamaseiko data duen eskutitzean azaldu duenez, «matxinadarako eta intsumisiorako deiek, dimisio eskaerek eta kargu uzteek, ezer konpondu baino, barne haustura eragin, gure posizio politikoa okertu eta alderdia ahultzen dute; eta gure arerioak -UPN, CDN, NaBai edo IU-NEB- indartzen ditu». «Seguruenik, guztiak gustura egongo dira gure barne odolustearekin», adierazi du PSNko idazkari orokorrak aipatu idazkian.

Bestalde, PSNko Eskualde Batzordeko kide Helena Berruezok adierazi zuen egiten ari diren bilerek PSN «berreskuratzea» dutela helburu, bere iritziz, haren «egoera guztiz hondamenezkoa» baita.

Alderdian bertan egin dituzten kritikei dagokienez, Berruezok esan zuen ez direla kritikoak izan, «arrazoiak eman zaizkien arte».

Chivitek lasaitzeko egindako deiari dagokionez, berriz, urte askoan lasaitasuna erakutsi dutela azaldu zuen eta, beraz, inork eskatu beharrik ez dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo