GARA > Idatzia > Editoriala

Euskal selekzioari oztopoa, etxean

Munduko Pilota Kontseiluak Euskal Herriko Pilota Konfederazioari (EHPK) Kontseilu horretako kide izatea eta San Frantziskoko txapelketan zazpi herrialdeetako selekzio batek parte hartzea galarazi izana ulergaitz gertatzen zaio euskal herritar askori, baina Lakuako Gobernuarentzat jarrera koherentea bide da. Koherentea Euskal Herria Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren ordezkaritzara mugatzeko praktikarekin.

Jarrera hori, ordea, ez da berria. Euskal selekzio batek nazioarteko lehia ofizialetan parte hartzeko debekua dela-eta, Lakuako Gobernuak bultzatuta, Munduko Kontseilua sortu zen. ESAITek, 2002. urtean, euskal pilotari gehienen sostenguarekin, besteak beste, zazpi herrialdeak bilduko zituen selekzioa sortzea proposatu zuen nazioartean jokatzeko. ESAITen ustez, borondate kontua zen batik bat apustu horri heltzea, baina Euskadiko Federazioko presidente Txema Aldamizek esan zuen lege oztopoak zirela-eta ezinezkoa zela. Eta, izan ere, planteamendu hura, orain erakutsi dutenez, ezinezkoa zen, baina ez Federazioko presidenteak argudiatu zuen lege arazoak direla-eta, baizik eta ESAITek aipatutako borondate kontuarengatik; borondate faltarengatik, alegia. Oraingoan ere, Txema Aldamizek duela bost urteko jarrera berari eutsi dio, baina koherentzia hori makurra da, ez baitago inolako lege oztoporik Euskal Herriko selekzioak San Frantziskoko Mundu Txapelketan parte hartzeko. Oztopo bakarra -berarentzat kohererentziaduna, euskal herritar gehienentzat, gutxienik, paradoxikoa- Lakuako Gobernuarena da.

Euskadiko Federazioaren, hau da, Lakuako Gobernuaren jokaera kontraesan nabaria da nazio ikuspegia duen edozein euskaldunentzat, baina harentzat jarrera koherentea da. Gobernu horretako alderdi nagusiaren helburua ahalik eta erakunde gehien kontrolatzea izanda, helburu horri euste aldera, aski ditu hiru herrialde edo, bestela esanda, sobera ditu beste laurak. Lakuako Gobernuak, berriz ere, Estatu espainolaren eta frantsesaren papera bete du Euskal Herriko nazio ekimenei estatu horiek jarri ez dizkieten oztopoak eta debekuak ezarrita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo