GARA > Idatzia > Zinema

The Beatles, Lou Reed eta fadoa, Zinemaldiko emanaldi berezietan

Denboraldi honetan munduko jaialdi nagusietan saritutako edo hautatutako film gailenetako batzuk ikusi ahal izateaz gainera, musikarekin lotutako zenbait bitxikeria ekarriko ditu gurera Donostiako Zinemaldiak.

p057_f01_148x104.jpg

GARA | DONOSTIA

Sundance, Berlin, Cannes edo Locarnoko zinemaldietan epaimahaiek saritutako edo nazioarteko kritikak goraipatutako hainbat filmek osatuko dute datorren irailaren 20tik 29ra egingo den Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailaren barneko Perlak izeneko saila. Aurten industriak eman duen «uztarik» interesgarrienaren panoramika zabala eskainiko digute, atzo Zinemaldiak aurreratutako hainbat tituluren arabera. Hauen artean, adibidez, Cannesen ikusi ahal izan ziren filme batzuk: Barbet Schroeder-en «L'avocat du terreur» -iaz Donostian atzerabegirako zikloa eskaini zitzaion zinegile honi; orain, Jacques Verges pertsonaia antikolonialistaren ibilbidea aztertu du bere film berrian-, Anton Corbijn britainiarraren «Control» -Urrezko Kameraren Aipamen Berezia jaso zuen, besteak beste, ingeles post-punkaren ikono bihurtutako Ian Curtisen akaberaren inguruko filmak-; edota Julian Schnabel artistaren «Eskafandra eta tximeleta», non zuzendari onenaren saria jaso baitzuen jaialdi frantziarrean.

Baina hau ez da Schnabelek gurera ekarriko duen lan bakarra, «Lou Reed's Berlin» dokumentala -Lou Reedek 2006ko amaieran New Yorken «Berlin» bere album mitikoa jo zueneko kontzertua- Emanaldi Berezien atalean emango baita. Baita ere musikari lotuta, eta atal berean, Richard Lesterrek The Beatles taldearekin egindako bi pelikuletatik bigarrena («Help!»), 60ko hamarkadako zinerik askeenaren, eroenaren eta poperoenaren ikur izandako komedia ikusi ahal izango dugu digitalean berriztatutako egokitzapen batean. Eta, eskaintza biribiltzeko, Carlos Sauraren azken lana, «Fados» izenekoa. «Flamenco» (1995) eta «Tango» (1998) -atzerriko film onenaren Oscar sarirako proposatua- pelikulen ondoren, zinegileak lan honekin 2005ean osatu zuen hiriko kanta modernoari eskainitako trilogia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo