Xabier Izaga Irakaslea
Kapitalismo adimenduna
AAste honetan aditu bati irakurri diodanez, AEBetako hipoteka subprime direlakoen krisia «kapi- talismo adimendunaren» azken adibidea izan da. Gaur egun ekonomiaren portaera ziklikoak badirau, onartzen du, baina kapitalismo azkar honek bere «hanka-sartzeak» errepikatzea saihesten eta krisien efektuak gutxitzen ikasi duela diosku. Kapitalismo hau ez da batere tontoa. Hipoteka baten jabeak gustura konponduko lituzke bere estualdiak kapitalismo argi honek bezala. Eta zer esanik ez hipoteka baten zamapean bizitzeko ere pobreegia denak. Sekretua tratamendu erraza da eta: injekzio batzuk jarri eta krisia osatze bidean dugu. Ez da, ez, ergela kapitalismo hau.
Estatuak gizarte laguntzak murriztu eta murriztu ari dira, pentsio sistemak, energia sektorea esku pribatuetan jartzen -kudeaketa publikoa dirua botatzea baita, nonbait- eta, gainera, sistema ekonomiko finantzarioari milaka milioi euroko tratamendua ordaindu diote. Garestiak gero, injekzio arraioak.
Kapitalismo adimendunak bezala jokatzen ez duena, beraz, tentel hutsa da. Kubako Administrazioa, esate baterako, halakoa dela uste nuen nik, denentzako osasungintzan, hezkuntzan eta «errentagarritasunik» bat ere ez duten kontuetan xahutzen baitute dirua. Baina ez, horiek ez dira tentelak, horiek ez-demokratiko eta zitalak dira. Ez dut oso ondo ulertzen.
Bego. Baina ez diezagutela esan, nork eta kontrol publikoa gaitzetsi, arbuiatu eta madarikatu egiten dutenek, merkatu libreak bere burua erregulatzen duela, neurrigabeko diru-gosearen ondorioz arazoak dituenean, diru publikoari heltzen dio eta.
Antzinateko eta Erdi Aroko errege, enperadore eta jaun feudalak bezalaxe, kapitalismoan boteretsuen eta, hargatik, «errespetagarrienak» gizakirik trauskilenak, edozein ankerkeriatarako kezkarik ez dutenak dira. Neoliberalismoa esaten diote kapitalismo basatiari, baina kapitalismoa berez basatia da, nolakoa behar duen izana disimulatzeko izena behar duenean. Eta horrek adimenarekin baino larderiarekin eta indarkeriarekin du zerikusi handiagoa. Horra haren abantaila guztia.