Berritasun asko ekarri dituzte Elgoibarko sanbartolomeek
Hainbat berritasunekin iritsi dira sanbartolomeak Elgoibarrera: kart erakustaldia, oztopo-jolasak, motorren bilkura, errekortatzaileak... Eta ohiko ekitaldiek ere ez dute hutsik eginen. Arnoren zezenak kalean barna ibiliko dira sokaz lotuta, herritarrei ikara galantak ematen.
GARA |
Zaindariaren eguna dute gaur elgoibartarrek, eta prozesioa eginen dute San Bartolomeren omenez, Udal Musika Bandak, Txistulari Taldeak eta Udalbatzak lagunduta. Elizara joanen dira denak elkarrekin, meza nagusia eta parrokiako abesbatzaren kantuak aditzera. Jarraian, azken 33 urteotan bezala, Haritz Dantzari Taldeak sokadantza eginen du txistularien erritmoan. Eskuko zapiaren bidez elkarturik, Plaza Handiari bueltak emanen dizkiote eta, tarteka, mutur bakoitzeko lagunek aurreskua dantzatuko dute. Lau kide neska baten bila joanen dira eta zirkuluaren erdira eramanen dute; une horretan gelditu eginen dira denak, batek aurreskua dantzatuko du eta taldearengana itzuliko da publikoaren txalo artean.
Ondotik, Udal Musika Bandak kontzertua emanen du Jose Antonio Osororen zuzendaritzapean: «La gracia de Dios» pasodoblea, «Los alegres bandidos» obertura, «Doña Francisquita» fandangoa, «Aires vascos» euskal doinuak eta «John Wiliams in concert» interpretatuko ditu.
Arratsaldean eta gauean, Mensajeros de Irapuato mariatxiek hartuko dute herria. Gainera, haurrentzako jolastokia izanen da Plaza Handian eta Aita Agirre plazan (euria bada, Sigman), kankailu eta buruhandiak kalejiran ibiliko dira dultzaina-jotzaileekin, esku-pilotako profesionalek partidak jokatuko dituzte ikastolako pilotalekuan... Azkenerako, zerua bera ere besta kolorez jantziko da: 23.00etan, Pirotecnia Zaragozana etxeak suak jaurtiko ditu IMHko aparkalekutik.
Malaku Gune Askean ere ez da jai girorik faltako, Itaka, Sogo eta Txato Plato taldeek kontzertua emanen baitute gauean. Unai bateriak, Iban baxuak, Jon gitarrak eta Aitor abeslariak osatzen dute Itaka. Stoner, rock eta punk estiloen nahasketa da eurena, metal ukituekin. Maketa bat eta disko bat dituzte grabatuta. Sogo seikotea orain dela bi urte sortu zuten Bilbon, rock melodikoa egiten du eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abesten du. Igorrek bateria jotzen du, Luarrek perkusioa, Kosek baxua, Alvarok saxoa, Saskiak biolina eta Flx-k gitarra. Mariak ahotsa jartzen du. Azkenik, Txato Plato Markina-Xemeindik joanen da Elgoibarrera, bere punk «xelebrearekin» bazterrak animatzera. Maiztek paratuko du ahotsa, Jonik bateria joko du, Kenarik gitarra, Egiak baxua eta Juankak kontrabaxua.
Bihar, Baserritarren Egunean, Gipuzkoako Limousin Ganadu Lehiaketa izanen da. Haritz Dantzari Taldeak eta Udal Txistulari Taldeak ongietorria eginen diete parte hartuko duten abeltzainei, 7.30ean Nafarroa Plazan. Bertze plaza batean, Aita Agirren, txapelketara aurkeztu dituzten abelgorriak paratuko dituzte ikusgai, eta jarraian Balzola anaia trikitilariek joko dute.
Baserritarren bazkaria
Norgehiagoka gehiago ere egitekoak dira bihar: sagardoena, harri-jasotzaileena eta muslariena. Ganadu enkantea egin eta abeltzain irabazleei sariak banatu ondoren, Baserritarren Anaiarteko Bazkaria izanen da Zaharren Biltokian, Eguren orkestrak eta bertsolariek alaitua.
Golden Apple Quarteten kontzertuak biribilduko du Baserritarren Eguna, baina besta ez da hor bukatuko. Parranda ordu ugari izanen dute oraindik esperoan elgoibartarrek.
Elgoibarko berezitasunetako bat Txiki Eguna da, koadrilei eskainitako besta, aurten astelehenean eginen dena. Aspaldi, goizeko sokamuturraren ondotik herritarrek mahatsa jateko ohitura zuten. Egun batean norbait ingurukoei aleak botatzen hasi zen; urteek aitzinera egin zuten eta mahatsak beharrean, ardo beltza jaurtitzen zuen jendeak; gaur egun, kamiseta zuria eta zapi gorria janzten dute bestazaleek. Goizean lagun taldeak txikiteoa egiteko elkartzen dira eta ardo beltzarekin elkar bustitzen aritzen dira. Blai eginda daudelarik, 14.00ak aldera, Errosario kalera joaten dira eta, Mauxitxa fanfarrearekin musikari jarraituz, kalejira luzea egiten dute besta giroan Foruen Plazara ailegatu arte.
Goiz argituko du Txiki Egunak: 7.30ean, Mauxitxa fanfarrearen eta Herriko Dultzaineroen diana izatekoa da, ondoren sokamuturra, eta salda eta txorizo jatea. Eguerdian, zezen ttipiak eta poniak askatuko dituzte, eta arratsaldean zezen eta betizu boladunen erakustaldia izanen da. Errekortatzaileak eta oztopo-jolasak egonen dira bertan lehenbiziko aldiz. Malako Gune Askean, amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko bazkarian eta Beste Bat taldearen dantzaldian gozatzen ahalko da.