Errusiako Orkestra Nazionalak hiru egunez joko du Musika Hamabostaldian
Errusiako Orkestra Nazionalak hiru kontzertu emango ditu gaurtik igandera Kursaal auditoriumean. Errusiar musikarien obrak joko dituzte; horien artean, Glinka, Chaikovski eta Shostakovich-enak. Gaur, Errusiako musika taldeak Charles Dutoit zuzendari ospetsuaren gidaritzapean joko du, eta Martha Algerich pianista ere bertan egongo da Ludwig van Beethovenen musikarekin. Hurrengo bi egunetan berriz, Mikhail Pletnev-ek zuzenduko du taldea.
Jon CABANILLAS | DONOSTIA
Musika Hamabostaldiaren egitarauan Errusiako Orkestra Nazionalak kontzertu bat emango du gaur arratsaldean, Kursaal auditoriumean, Charles Dutoit zuzendari suitzarraren gidaritzapean.
Dutoit-ek atzoko aurkezpenean adierazi zuenez, Donostiara etortzen den lehen aldia da, eta Kursaalen lan egiteagatik «poz-pozik» dagoela adierazi zuen. Zuzendari ospetsu horrek 2.358 obra gidatu ditu ibilbide artistikoan, eta Ameriketako Estatu Batuetako orkestra onenak zuzendu ditu, besteren artean, Filadelfian, Bostonen, New Yorken, Los Angelesen eta Chicagon. Era berean, Europan ere egin du lan Berlingo Filarmonikoan eta Londresko orkestra guztiekin.
Gaurko kontzertuaz gain, Errusiako Oskestra Sinfonikoak beste bi ere emango ditu bihar eta etzi. Emanaldi horiek Mikhail Pletnev-ek gidatuko ditu eta hiru emanaldietan Errusiako musikak izango du protagonismo handien.
Gaurko kontzertuan Mikhail Ivanovich Glinka-ren (1804-1857), Ludwig van Beethovenen (1770-1827) eta Chaikovskiren (1840-1893) obrak emango dituzte. Lehenengo bi obrak kontzertuaren lehen zatian joko dituzte, eta azken obra, bigarren zatian. Lehen obra «Ruslan eta Ludmilla» operaren obertura izango da. Obra hori laburra eta distiratsua da eta bizitasun harrigarria du. Bertan egilearen gaitasuna argi ikusten dela diote Musika Hamabostaldiko antolatzaileek.
Ondoren, Errusiako Orkestra Nazionalak eta Martha Algerich argentinar pianista famatuak, Hamabostaldian lehen aldiz jotzen duenak, protagonismo berezia izango duen Beethovenen «Piano eta orkestrarako lehen kontzertua» emango dute. Obra hori Vienan estreinatu zuten 1800. urtean, eta hiru mugimendu ditu.
Chaikovskiren 1878ko lana
Kontzertua amaitzeko, Chaikovskiren «4. Sinfonia Fa minorrean» interpretatuko dute. Errusiar musikariak 1878an konposatu zuen, eta Najda von Meck lagunari eskaini zion.
Biharko kontzertuan Liszt-en eta Shostakovich-en obrak emango dituzte; lehenaren poema sinfonikoak eta bigarrenaren «11. Sinfonia»; «1905. urtea» deitzen diotena, hain zuzen.
Igandean, berriz, Rachmaninov-ek joko du; bere piano eta orkestrarako lehen kontzertua eta Aleko opera emango ditu Errusiako Orkestra Nazionalak Bilboko Opera Koruarekin batera. Mikhail Pletnev izango da zuzendaria.