Eguraldia beste behin protagonista
Euriak arazo ugari eragin du arroetan eta errepideetan
Gogotik egin du euria azken egunetan, eta erreka eta ibaien ur kopuruan ondo nabarmendu da. Atzo, Bidasoa ibaiaren arroan eta Urdazuriren eta Errobiren inguruetan bizilagunak tentuz egon ziren urak oso hazita baitzetozen; egunean zenbait tokitan gainezka egin zuten.
Maider EIZMENDI | DONOSTIA
Gauean bapo eta goizean goizetik ere sarri-sarri. Euriak azken egunetan apenas izan du etenik. Euskal Herriko hainbat alderditako errekak eta ibaiak ondo hazita zetozen atzo goizean eta gainezka egin zuten egunean, zenbait eremutan.
Lapurdiko hainbat herritako bizilagunek joan den maiatzaren hasieran izandako uholdeak ondo gogoan izan zituzten. Meteo France agentziak arrisku alerta laranja ezarri zuen atzo goizean goiz ibaien egoera eta euri iragarpenak zirela-eta. Agintariek, batez ere, Urdazuri, Errobi eta Bidasoa ibaietako uren mailan jarri zuten arreta. Zehazki, Errobik eta Urdazurik zeharkatzen dituzten herrietan uholde arriskua izan zen goiz guztian, hala eta guztiz ere, mementorik kritikoena eguerdi- partean izan zen, itsasgorarekin batera. Senperen, esate baterako, Ibarron auzoan urak gainezka egin zuen, eta gauza bera gertatu zen Urruñako Pausua auzoan.
Gipuzkoako hainbat herritan beste hainbeste. Oiartzunen eta Errenterian, esaterako, euriak eta ibai eta erreken mailak arazoak eragin zituzten. Oiartzunen, adibidez, zenbait auzotako etxabe eta garajeak urak hartu zituen. Herritarrek arretaz jarraitu zuten Oiartzun ibaiaren egoera, oso hazita baitzetorren. Inguruko bizilagunek adierazitakoaren arabera, erreka horrek gainezka egin zuen Errenteriako Lartzabal auzoan, eta, besteren artean, bertan dagoen futbol zelai bat guztiz urez estalita geratu zen. Urumea ibaiaren ur mailak ere arazoak eman zituen, eta Florida auzoan dagoen errugbi zelaia ere erabat estalita geratu zen.
Nafarroan, Baztan, Bidasoa eta Malerreka ibarretako hainbat herritako bizilagunek ere begi bazterrekin zaindu zituzten atzo ibai eta errekak. Goizean, Donezteben, Igantzin, Etxalarren edota Beran zenbait arazo izan ziren. Etxalarren, esaterako, erreka batek gainezka egin zuen eta baserri bideak kaltetu. Ez da harritzekoa, Donezteben adibidez, 6.00ak eta 6.10 birtartean 4,6 litro bota zituen.
Azken egunetako euriek ibaietan ez ezik urtegietan ere izan dute eraginik. Lesakan dagoen San Anton urtegitik 500.000 metro kubiko ur isuri zituzten. Txingudiko Mankomunitateak ohar batean jakinarazi zuenez, astearte goizetik asteazken goizera 104 litro ur jaso zituzten metroko; eta asteazken goizetik atzo goizera, berriz, 106.
Hustu beharrean gertatu zen, halaber, Añarbeko urtegia; izan ere, azken egunetan metro koadroko ia 200 litro jaso dituzte, abuztu osoan jasotzen duten ur kopuruaren %145.
Errepideetara irten zirenek kontu handia eduki behar izan zuten. Egun hauetan autoz gainezka daude bideak, eta euriak eragindako putzuek are eta gehiago zaildu zuten joan-etorria. Oiartzunen, gainera, lur-jausi bat gertatu zen A-8 bidean.
Eguraldi iragarpenek atertu egingo duela diote, batez ere arratsalde-partetik aurrera. Hala ere, goizean oraindik ere zenbait lekutan euria mardul botako duela esan dute.