GARA > Idatzia > Euskal Herria

Excavaciones Ugarte eraikuntza enpresak AHTren aurkakoen salaketa jaso du

AHTren aurkako taldeek protesta ekintza egin zuten atzo Irunen, eraikuntza lanetan diharduen enpresaren aurrean. «Makroproiektu horren inposizioarekin» kolaboratzen jarrai ez dezatela exijitu zieten.

p015_f02_148x112.jpg

J.B. |

AHTren aurkako taldeetako 30 lagun inguruk protesta ekintza egin zuten atzo arratsaldean Irungo Excavaciones Ugarte -enpresa hori Altuna y Uria AHTren obren emakidunaren subkontrata da- enpresaren egoitzan. Proiektuaren kontrako hainbat kolektibo biltzen dituen AHT Gelditu! Elkarlanak enpresa eraikitzaileko zuzendaritzari eta langileei AHTren lanak geldiarazteko eskatu zioten protesta ekintza horrekin.

AHTaren kontrako protesta ekintza 16.15ean hasi zen, ekintzaileak Anakako industrialdean aipatu enpresak dituen instalazioetan sartu zirenean.

Lehenik, manifestariak instalazioetako teilatura igo ziren, handik «Excavaciones Ugarte: Txikitzailea! Urbinatik kanpora! AHT GELDITU!» leloa zuen pankarta handi bat zabaltzeko.

Honen ostean, langileen artean eta bulegoetan komunikatuak banatu zituzten, eta azkenik, protestarekin amaitzeko, lantegiko lurrean eseri ziren.

Komunikabideei helarazitako ohar baten bidez, atzoko protesta ekintza «zuzen ez-biolento, baina ahalik eta indartsuen eta herritarren presioan oinarritutakoa» zela esanda deskribatu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak.

Horrela, gogor salatu nahi izan zuten Excavaciones Ugarte dela Legutiano eta Arratzu-Ubarrundia udalerrien artean «AHTren obrako indusketa lan eta lur mugimendu guztiak egiten» ari dena.

«Eraikitzaileen diktadura»

Beste alde batetik, herri-plataformaren ustez, eraikuntza eta hormigoi enpresek «negozio ikaragarria» aurkitu dute AHTren lanarekin, eta«eraikuntza enpresen diktaduran» bizi garela ziurtatu zuten. AHT Gelditu! Elkarlanak «azpiegitura lan handien eraikuntza dela medio baliabide publikoak izugarri transferitzen» direla adierazi zuen, nola ez, «langile jendearengandik kapitalismoaren agintari aberats boteredunengana».

Egoera horretan, gaineratu zuen kolektiboak, «ez da zuzena azpiegiturekin neurrigabeko etekinak lortzen dituzten eraikuntzako enpresarien eta multinazionalen interesak lanpostuen aferaz baliatuta» zuritzea.

AHT Gelditu! Elkarlanak langileen eskubideak errespetatu behar direla ez du zalantzan jartzen baina eskubideok, plataformaren aburuz, «ezin dira ekologian, gizartean, ekonomian, nekazaritzan eta lurraldean eragin itzel eta kaltegarriak eragiten dituzten proiektu erraldoien inposaketari men egitearen ordainetan izan».

Bestalde, egun lanek Luku, Miñao eta Erretanako kontzejuetan hamarnaka hektarea nekazaritza-lurren suntsiketa eragin izana gogor gaitzetsi du kolektibo ekologistak.

Amaitzeko, «proiektu desarrollisten inposaketaren aurkako borroka eta herri mugimendua gero eta gehiago zabaltzeko» deia egin zuten. Azkenik, «guztion artean geratzea» lortuko dugula adierazi zuten AHTaren kontrako ekimeneko ekintzaileek.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo