GARA > Idatzia > Athletic

Denboraldi hasiera

Derbi «berezia» gorritxo ohientzat

Muñozek gola sartuz gero, ospatu egingo luke; David Lopezek, ordea, ziurrenik ez luke egingo «Osasunak emandakoa» itzultzeko

p037_f02_199x100.jpg

Ander GARTZIA | BILBO

Ezbairik gabe, partida oso berezia izango da igandekoa Iñaki Muñoz eta David Lopez jokalarientzat, Osasunatik azkenengoz iritsi diren bi jokalarientzat. Ez dira horrelako une bat bizitzen lehenak izango, hainbat baitira talde gorritxotik Athleticera jauzia eman duten taldekideak. Hala ere, ligako lehen partidak beti dauka zapore ezberdina, bai zaleentzat, bai jokalarientzat, eta are gehiago, derbia baldin bada. Eta igandekoa «horrela suertatu» zaie, Iñaki Muñozek atzoko entrenamenduaren ostean adierazi bezala.

Nafarraren hitzetan, «sekulako gogoarekin» dago partida jokatzeko, eta golik sartzeko aukerarik izango balu, ospatu egingo lukeela jakinarazi zuen, izugarrizko poztasuna ematen baitu, nahiz eta aurrean dagoena Osasuna izan. «Futbolean sentimentuak alde batera utzi behar dira, eta epaileak hasierako txistua jotakoan, bakoitzak bereari begiratuko dio. Horri dagokionez, guk Athleticen alde egin beharra dugu eta irabazten ahalegindu, denboraldia ongi has dezagun», azaldu zuen atzoko prentsaurrekoan.

Aurkaria, ordea, ez da izango xamurra erdilariaren hitzetan. «Badakigu talde nahiko sendoa eta gogorra dela. Hainbat jokalari aldatu ditu denboraldi-aurrean, eta zortzi edo hamar jokalari joan izana nabaritu beharko luke. Hala ere, partida zaila jarriko digu», adierazi zuen. Bilbon norbaitek Zigandaren lana ezagutzekotan, bi jokalari horiek ezagutzen dute, iaz haren esanetara egon baitziren Iruñean. Era beran, Caparrosek denboraldi-aurrean egindako beharra eta taldeak eman dezakeen maila aztertu zituen 29 urteko erdilariak atzoko prentsaurrekoan: «Entrenatzaileak izaera igortzen digu eta beharrezkoa da gure taldeak neurria eman dezan. Gu, posible den heinean, jendeak gure futbolaz goza dezan saiatzen gara, baina ez genioke ezetzik esango igandean txarto jokatu arren bat eta huts irabazteari. Azken finean, emaitzek emango dizkigute puntuak, eta modu horretan, konfiantza eta lasaitasuna».

David Lopezek, berriz, taldekideak ez bezala, ziurrenik gola ez luke ospatuko, eta gai horren inguruan hausnartzen dabilela onartu zuen. Izan ere, Logroñokoaren hitzetan, modu horretan «Osasunak emandakoa» eskertu ahal izango luke. Igandeko derbia beretzat ere «berezia» izango da, baina partida bat gehiago bezala hartuko omen du: «Egia da partida berezia dela niretzat, baina partida bat gehiago bakarrik da, nahiz eta derbia izan. Azkenean gauza bera da, hemengo sentsazioak eta Iruñeko aldageletakoak berak izango dira». Azkenik, talde zuri-gorriak denboraldi-aurre sendoa egin duela azaldu zuen eta prest daudela igandean irabazteko, nahiz eta Osasuna ere ongi ikusi duen «izen handiko» fitxatzeak egin baititu.

Prieto, zalantza

Atzoko entrenamenduaren ostean Utrerako entrenatzaileak Luis Prieto jokatzeko dagoen zalantza baino ez du igandeko norgehiagokari begira. Dimako atzelariak eskuineko hankako bikietan arazoak izaten jarraitzen du, eta ez zen taldekideekin batera aritu. Aurreko eguneko saioak ikusita, badirudi Ocio eta Amorebieta arituko direla zentral postuan, eta Expositok eta Koikilik osatuko dutela atzealdeko lerroa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo