GARA > Idatzia > Kultura

Ikara eta alaitasuna nahasita, Domaikiako biztanleak Piztia ehizatzen saiatuko dira gauean

Arabako herrian kondairetako pertsonaiak bizirik jarraitzen du; urte askoan bizilagunak beldurtuta izan zituenak, alegia. Gaur gauean, Piztia harrapatu eta herriratuko dute musikak eta dantzak lagunduta.

p048_f01_148x92.jpg

Itziar AMESTOI | ZUIA

Urte askoan, Irutxari mendiko inguruetara, iluntzean, ez zen Domaikiako inor joaten. Arrazoia: han barrena bizi zen piztia. Animaliak eta gizakumeak -gehienbat umeak- irensten zituena, alegia. Sekula ikusi ez arren, denbora askoan bizirik iraun zuen pertsonaia horren kondairak.

Urteak joan ahala, piztia «adinekoen oroimenean lozorroan» geratzen joan zen, Domaikiako biztanleek dioten bezala. Baina orain dela hiru urte, Piztia herrira itzuli zen. Ez zuen egin, ordea, jendea irensten jarraitzeko; izan ere, bizilagunek harrapatu zuten, eta, ondoren, festaz inguraturik herriratu.

Piztiaren ehizak izandako arrakasta dela-eta, urtero egiten jarraitu dute eta, aurtengo udan, kondairak ez du ihes egingo. Ikuskizunaren antolatzaileen hitzetan, «musika lagun» eta «dantzan» herria zeharkatzen dute, Piztia gurdi baten barruan eramaten duten bitartean. Modu horretan, pertsonaia herriko plazaraino eramaten dute eta inguruan egiten dituzte azkeneko dantzak.

Kondairaren inguruko ezjakintasuna dela-eta, edota gauez soilik irteten zelako, inork ez du sekula Piztia deskribatu. Batzuek hegazti handi bat dela diote; besteek, ugaztun adardun bat dela; edo guztia nahasten zuen munstro antzeko bat. Inork ez daki nolakoa den hainbestetan ikara sortu duen Piztia. Horregatik, ezkutuan egiten du herriko kalejira, landarez estalitako gurdi batean.

Mendiko Atsoa

Piztiaren ehizaz baliatuz, Domaikiako biztanleek iaz Zuiako beste kondaira bat berreskuratu zuten. «Honela ez dira geratuko-eta lozorroan», diote egunaren antolatzaileek. Aurten, Mendiko Atsoa izango da gogoraraziko duten pertsonaia mitologikoa. Zuhaitz batean bizi zen atso hori eta, kondairak dioenez, hurbiltzen zitzaizkion umeei ogi-puska gozoak eman ohi zizkien.

Pertsonaia gogorarazteko, Piztiak gurdiaren barruan herria zeharkatzen duen bitartean, plazan antzeztuko dute, ordu erdiz, kondaira horren gaineko ikuskizuna. «Lehenengo urtean ikusi genuen kalejira egiten zen bitartean hutsune bat zegoela plazan, eta horregatik bururatu zitzaigun kondaira baten bat berreskuratzea», azaldu du Agustin Otsoak, ikuskizunaren antolakuntzaile batek.

Festaren amaieran, musikak sorginduta, biztanleak arreta galduta dauden bitartean, Piztiak ihes egingo du berriz ere. Bizilagunak, ordea, ez dira ikaratuko, horiek bai baitakite hurrengo urtean berriro harrapatuko dutela eta, horregatik, dantzan murgilduko dira. Mendeetan bizi izandako ikararen «kalte-ordainak» jaso nahi dituzte eta Domaikiakoek.

Musika, dantza eta kanta bereziak ehizarako

Piztiaren ehizaren antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo berrikuntza handiena konposatu dituzten kantuak dira. Izan ere, Juanma Saezek espresuki ekitaldirako hainbat musika, dantza eta kanta sortu ditu. Urtetik urtera pisu handiagoa hartzen ari dela adierazten du Saezek egindako ekarpenak. Hala, musika bereziarekin egingo dute dantzan eta kantuetan oinarritzen den herri ikuskizun hori.

Ikuskizunaren antolakuntzaile den Agustin Otsoak dioenez, handigurarik gabe egindako festak dira, elkarretaratze hutsak alaitasuna eragiteko asmoa baitute Domaikian. I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo