GARA > Idatzia > Arrauna

Kontxako Banderaren aurkezpena

Hogeita bat ontzi nor baino nor sailkapen estropadan

Hibaikak azkenean ez du parte hartuko Donostian izena ematerakoan arazoak izan dituelako

p041_f01_199x116.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Kantauriko 21 traineru onentsuenek datorren ostegunean jokatuko dute Kontxako Banderaren ohiko sailkapen estropada. Proba 18.30ean hasiko da Donostiako badian, eta ontziak bi multzotan irtengo dira. Multzoen irteera ordena eta ontzien irteera ordena egunean bertan erabakiko da zozketa bidez, eta zazpi traineru azkarrenek lortuko dute txartela Donostia Arraunekin batera.

A multzoan, San Miguel Ligako hamar ontzi onenak sartu dituzte: Urdaibai, Orio, Hondarribia, Castro, Zarautz, Pedreña, San Pedro, Zumaia, Laredo eta Cabo da Cruz. B multzoan, berriz, beste hamaika traineruak daude: Mecos, Arkote, Getaria, Pasai Donibane, Isuntza, Kaiku, Camargo, Ondarroa, Ur Kirolak, Hernani eta Tiran.

Zerrenda horretan hutsune nagusia GARAk babesten duen Hibaika Gipuzkoako ontziarena da. Arraunlari propioak edukitzea nahitaezkoa denez, Errenteriakoek «Fortuna» izenpean egin behar izan zituzten fitxak denboraldi hasieran -zenbait urtetan bi elkarteek traineru bateratua atera izan dute, baina aurten banatzea erabaki zuten-, eta, beraz, Gipuzkoako Txapelketan ere «Fortuna» izena eman behar izan zuten izen arazoak saihesteko.

Kontxako Banderan, ordea, «Hibaika» moduan eman zuten izena, baina antolatzaileek ez zuten eskaera onartu Gipuzkoako Txapelketan ageri den taldea «Fortuna» delako. Ramon Etxezarretak atzoko aurkezpen ekitaldian irtenbide bat proposatu zuen: izen ofizial moduan «Fortuna» ipintzea eta prentsarako erabiltzen den izenean «Hibaika» jartzea.

Baina arraunlari gipuzkoarrak ez daude horretarako prest. «Atzo bilera txiki bat egin genuen eta ez aurkeztea erabaki dugu. Gu Hibaika sentitzen gara, Hibaikaren izenean lehiatu nahi dugu eta nahiago dugu berriz ere Fortunaren izena ez erabili», aitortu zion Alex Orena entrenatzaile eta arraunlariak atzo GARAri.

Arraunlariak eta proposamenak

Gainerakoan, atzoko aurkezpenak zenbait zalantza argitu eta beste zenbait areagotzeko balio izan zuen. Elkarte bakoitzak aurkez dezakeen arraunlari kopurua eta haien jatorria izan ziren eztabaidagai nagusiak Donostiako udaletxean.

Bartolo Campos Getariako presidenteak salatu zuenez, antolakuntzak arraunlari bat aurkeztutako zerrendatik kanpo uztera behartu dio -23 aurkeztu zituzten eta 22 omen da gehienezko kopurua-. Kontua da probako araudian ez dela inon esaten zein den gehienezko arraunlari kopurua, eta atzo hori agerian gelditu zen oso.

«Esan zidatenez, elkarteren batek 30 arraunlari ere sartu ditu zerrendan, eta hori mozteko nik 22an jarri nuen gehiengoa, hainbat traineru ligak duten kopurua», esan zuen Josetxo Etxeberria Gipuzkoako Federazioko presidenteak, eta hanka nabarmen sartu zuen, KAE Ligan muga 25 arraunlarikoa baita.

Bestetik, eta azken orduan entzun diren arraunlari trukaketak direla-eta, Ramon Etxezarretak argi utzi zuen elkarte bakoitzak izena ematerakoan aurkeztu zituen arraunlariak bakarrik onartuko direla; epearen barruan aurkeztutakoak, hain zuzen ere. Hortik kanpo ezingo dira arraunlari gehiago sartu zerrendan.

Kontuan izan behar da Laredok, esaterako, Astilleroko hiru arraunlari fitxatu dituela Kontxarako: Israel Bolado, Raul Garcia eta Jose Cuero. Eta Tiran ere Pazos anaiekin negoziatzen ibili dela, nahiz eta azkenean akordio bat hartu ez.

Azkenik, eta Jose Luis Kortak egindako galdera bati erantzuteko, Etxezarretak «presiorik ez, baina proposamen asko» jaso dituela aipatu zuen, batez ere, Astillerok parte hartzeko aukera izan zezan. Adibidez, Espainiako Txapelketako ontziek Donostian egoteko aukera izatea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo