GARA > Idatzia > Ikusmira

Bilboko konpartsak sexu erasoei aurre egiten

Sexu erasoak festaren alde iluna dira, jakina, baina, zoritxarrez, jaiaren parte balira bezala hartzeko arriskua dago, festan ordaindu beharreko prezioa balira bezala. Eta ez dira euria bezalakoak; eraso horiek ez dira saihestu ezineko fenomenoa, baizik eta hausnartu eta gerarazi beharreko arazo larria. Baina hausnartzea eta kontzientzia hartzea gizarte osoaren egitekoak dira. Eta bada zer hausnartu, neurri batean horrelako portaerak bultzatzen dituen gizarte ereduaz eta, beraz, jai ereduaz. Zenbait agintarik erasoei buruz egin izan dituzten adierazpenek ez dute errazten hausnarketa hori; esaterako, emakumeek nola jantzi behar duten aholkatzen dutenek, askatasuna murriztuta inola ere ezin onar daitezkeen jarrerak baretuko direlakoan edo.

Atzo, Bilboko konpartsek hiri hartan izandaso bortxaketa gaitzetsi eta elkarretaratze bat egin zuten. Txosnak «sexu erasotzailerik gabeko gune» izendatu zituzten, eta sexu bazterkeriarik gabeko jaien alde agertu ziren. Ekintza horiekin, salaketaz gain, gizartearen jarrera aktiboa ere ezinbestekoa dela agerian utzi zuten, eta txalotzekoak dira horregatik jaietan protagonismo berezia dutenen horrelako ekimenak. Sexu erasoak ez dira «besteari» gertatzen zaion ezbeharra, denon arazoa baizik, eta denok aurre egin beharrekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo