GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailakoa

Larretxearen ezinak besteei ateak zabaldu dizkie

Egungo txapeldunak gerriko arazoak ditu, eta ez dago bihar Lakuntzan jokatuko duten kanporaketan aritzeko moduan. Uko egin dio lehiaketari

p046_f01-97x160.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Donato Larretxearena izango da bihar Lakuntzan jokatuko den Euskal Herriko Txapelketako kanporaketako hutsunerik nabarmenena. Gaur egungo txapelduna gerriko arazoekin dabil, eta ez dago lehian aritzeko moduan. Egin beharreko proba guztiak egin ostean, azkenean ez parte hartzeko erabakia hartu du aizkolariak.

Horrek finalean sartzeko aukera gehituko die; izan ere, inor gutxik uste baitzuen nafarra finaletik kanpo geratuko zenik. Aurtengo berrikuntza, berriz, Floren Nazabalen itzulera izango da. Etxarrikoak iaz ezin izan zuen parte hartu min hartuta zegoelako, eta aurten, behintzat, lehiatzeko moduan izango da. Olasagastirekin batera txapela janzteko faborito nagusia bihurtuko da.

Nazabalez gain, Otaño eta Lopez ere berriak dira, iaz lortu baitzuten maila nagusira igotzea. Lehenengoa, gainera, estreinako aldiz izango da onenekin, orain arte ez baitzen inoiz izan Lehen Mailan. Lehen ere maila nagusian egondakoa da bigarrena, baina asko ari zaio kostatzen Lehen Mailari tamaina hartzea, hor baitabil lortutakoari eutsi ezinik.

Beraz, bihar, 17.30ean, lehian izango diren aizkolariak honako hauek izango dira: Olasagasti, Azurmendi, Txapartegi, Peñagarikano, Mugertza, Otaño, Nazabal, Barberena, Senosiain I.a, Vicente eta Lopez dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Finalean izango duten lanaren erdia izango dute kanporaketan.

Biharko saioan lehenengo sei postuetan amaitzen duten aizkolariek finala jokatzeko txartela lortuko dute. Azkeneko bietan geratzen direnek, berriz, heldu den urtean Bigarren Mailan aritu beharko dute.

Faboritoen artean, betiko izenak agertzen dira. Hala ere, kanporaketan ez da garrantzitsuena irabaztea, finalean sartzea baizik. Hala ere, Olasagastik, Nazabalek, Txapartegik eta Azurmendik bertan izan beharko lukete gauzak normal joanda, baina gainerantzean lehia handia izango da, finalean sartzea denentzat baita handia.

Borroka ez da estreinako seietan sartzeko bakarrik izango, baita azkeneko bietan ez geratzeko ere. Izan ere, bi postu horietan geratuz gero, maila galduko lukete, eta hori ez du inork nahi. Hortik ihes egiteko ere lehia izugarria iragartzen da.

Arabako finala irailaren 10ean jokatuko dute

Arabako Aizkolari Txapelketak badu finala jokatzeko eguna, eta hori irailaren 10ean izango da Olarizun, Gasteizen. Bertan, Zubiaga, Llanos, Jauregi, Rodriguez I.a, Rodriguez II.a, Lopez eta Ruiz de Aretxabaleta izango dira. Olabarriaren parte-hartzea, berriz, oraindik zalantzan dago.

Final horretan bi aizkolari segoviar izango dira, Rodriguez aita eta semea, baina biek Arabako Federazioan dute lizentzia. Lehiaketa horretan parte hartzeko ez dute inongo arazorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo