Harri-jasotzea Marka saiakera
Goenatxo II.ak 200 kiloko berunarekin marka eder bat eginda utzi nahi du
J.L. | DONOSTIA
Goenatxo II.ak marka ahalegina egingo du bihar, Bidanian, 18.00etan. Azkoitiarrak 200 kiloko berunezko kubikoa erabiliko du, eta bost minutuko txanda bakar batean arituko da lanean.
Azkotiarrak egin nahi duen marka oraindik inork ez du egin. Hortaz, bizkarrean jasotzen badu, estreinakoa izango da marka egiten. Lana oso zaila da, beruna oso zaila delako, eta harriari geratzen zaion tamaina ere oso txikia da. Harri hutsarekin egindako harriak duen baino askoz era tamaina txikiagoa dauka, eta horrek asko zailtzen ditu gauzak. Hala ere, zaleek azkoitiarrarekin itxaropen osoa dute.
Bestetik, gaur, 18.00etan, Elgoibarren bertako torneoa jokatuko dute, baina antolatzaileek GARAri ez diote parte-hartzaileen zerrendarik igorri, eta horrela ezin eman horren berri.
Harri-zulatzean, berriz, Euskal Herriko Liga itzuliko da asteburu honetan, eta horretarako leku bikaina aukeratu dute, Bilbon jokatuko baitute. Areatzako plazan izango da gaur, 13.00etan.
Bertan, honako talde hauek izango dira: Aldai Alde, Arboleda, Errekatxo, Galdames, Gallarta, Jaizubia, Kabiezes, Ortuella, Trapagaran eta Txoriherri.
Talde bakoitzak ordu erdia izango du lanean aritzeko, eta zulorik gehien egiten duenak irabaziko du. Jaizubia ateratzen bada garaile, txapela ia buruan izango du, alde handia ateratzen baitie gainerako taldeei.