GARA > Idatzia > Pilota

Donostia Hiria Torneoa

Gaua egun bilakatu zuen Leitzako bikoteak

Oinatz Bengoetxeak eta Abel Barriolak hamabi tanto egin zituzten segidan, eta 17-10etik 17-22ra joan ziren zuzenean. Bikaina aurrelariaren bigarren zatia.

p049_f01_097x164.jpg

OLAIZOLA I-P. RUIZ 17

OINATZ-BARRIOLA 22

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Oinatz Bengoetxeak eta Abel Barriolak lortu zuten Donostia Hiria Torneoko finalerdietarako sailkapena ostegun gauean jokatutako partida arraroan. Eguna eta gaua, zuria eta beltza bildu ziren neurketa berean, eta inork espero ez zuen buelta izan zuen markagailuak. Azkenean, garaipena Aspek eta Asegarcek nahasian osatutako Leitzako bikote berritzailearentzat.

Olaizola eta Ruiz oso indartsu hasi ziren. Lizarrako atzelariak Abel Barriolak baino askoz gehiago agintzen zuen, eta Goizuetako aurrelaria fin ibili zen tantoa amaitzen: zabalean dejada bikaina (4-4), atzean sartutako pilota bat (10-7) eta bi gantxo ikusgarri (13-8 eta 14-8) nabarmendu beharrekoak dira. Gainera, Barriolak pilota erraz batzuk galdu zituen, eta Oinatz aukerako pilotarik gabe nahiko galduta zebilen. Ondorioa: Zarauzko Torneoaren irabazleak markagailuan erraz agintzen (17-10) eta kantxan eroso jokatzen.

Baina une horretan Oinatz Bengoetxeak arriskatzea erabaki zuen eta sekulako erakustaldia emanda, urdinek hamabi tanto egin zituzten jarraian. Sakea asko luzatu eta errematearen bila joan zen Leitzako aurrelaria, eta konturatzerako, aurretik jarri ziren. Hormabiko pare ederra (17-11 eta 17-19), atzean sartutako pilota bat (17-14), txokoan maisuki utzitako beste pilota bat (17-15) eta bi gantxo paregabe (17-12 eta 17-17) sinatu zituen Oinatzek hamabost minutu eskasean.

Barriola ere finago aritu zen eta bien artean norgehiagokari buelta ematea lortu zuten Leitzatik joandako zaleen aurrean. Oinatzek eta Abelek Xalaren eta Zubietaren aurka jokatuko dute datorren asteazkenean finalerdietako kanporaketa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo