Hamasei filmek hartuko dute parte aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean
Irailaren 20tik 29ra egingo dute Zinemaldia, eta Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen berri eman dute jaialdiko arduradunek. Guztira 19 lan emango dituzte, baina 16 bakarrik lehiatuko dira. Urrezko Maskorra irabazteko parte hartuko duten filmen artean, gainera, badira sei beste saririk ere eraman dezaketenak; Altadis-Zuzendari Berriak izenekoa, hain zuzen ere.
GARA | DONOSTIA
Zinemaldiak eman du jada argitara aurtengo edizioko Sail Ofizialean parte hartuko duten filmen zerrenda. Guztira 16 izango dira, eta, besteren artean, David Cronenberg, John Sayles, Wayne Wang, Nick Broomfield eta Manuel Poirier dira Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren zuzendari ospetsuak. Lehiaketatik at, gainera, beste hiru pelikula emango dituzte.
Horiek hala, eta orain aste batzuk argitu moduan, Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen artean badira bi Estatu espainole- koak: Iciar Bollainen «Mataharis» eta Gracia Querejetaren «Siete mesas de billar francés».
Saila irekitzeko ardura David Cronenberg zuzendariaren «Eastern Promises» (AEB) pelikulak izango du. Nikolai misteriotsuaren historia kontatzen du eta Viggo Mortensen da protagonista nagusia.
John Sayles-en lanik ere izango da Zinemaldian; «Honeydripper» (AEB) izenekoa, hain zuzen. Filma 1950eko Alabama landatarrean dago girotuta, eta taberna baten hondamendia ekiditeko gitarra-jotzaile bat kontrata- tzen du jabeak.
Lehiatuko den beste lanetako bat Wayne Wang-en «A thousand years of good prayers» (AEB) da, zuzendari horren beste lanetako bat «Smoke» entzutetsua da. Film horretan, Pekingo erretiratutako alargun batek AEBetan bizi den alabari egiten dion bisita kontatzen da. «La Maison» lan frantsesa ere, Manuel Poirier-ena, lehiaketan izango da. Argumentua honako hauxe da: etxe batean neskatila batek aitari aspaldi idatzitako eskutitz bat aurkituko du Malok, hiru semeren aitak.
Irakeko gatazka ere gogoan
Britainia Handiko «Battle of Haditha» filma ere lehiatuko da Sail Ofizialean. Lana Nick Broomfield-ena da eta Irakeko gatazka du ardatz; matxinatu irakiarrek amerikar marineen konboi bat borbardatu, eta tropako ofizial estimatuena akabatuko dute. Galera ikusita, irakiarren kontrako mendekua sekulakoa da.
«Ceot oi Kap Gei (Exodus)», Hong Kongetik iritsitako lana, Pang Ho-Cheung-ena da, eta gizonezko guztiak suntsitzeko lan egiten duen emakume talde baten mundu-konspirazioa ikertzen du.
Amodio istoriorik ere bada Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazteko prest; horixe da «Daisy Diamond»en gai nagusia. Simon Staho da zuzendaria, eta lanak jatorri danimarkarra du. «Free Rainer-Dein Fernseher Lügt» Hans Weingarther-en lanak, berriz, Alemaniaren eta Austriaren artean egindako lanak, telebistako saioek ikusleak lortzeko izaten dituzten borrokak ditu hizpide.
Nimri, Ulloa eta Verdu
Estatu espainoletik iritsitako lanak, berriz, bi izango dira arestian esan moduan.
Iciar Bollainen laugarren pelikula, «Mataharis», batetik, eta Gracia Querejetaren «Siete mesas de billar francés», bestetik. Lehen filmaren protagonistak Najwa Nimri eta Tristan Ulloa dira, eta detektibe pribatuen munduan sartzen da. Bigarrengoko protagonista nagusia, aldiz, Maribel Verdu aktorea da, eta billarreko lokal bat aurrera atera ahal izateko lan egiten duen emakume baten istorioa du ardatz.
Horietaz guztietaz gain, badira beste sei lan Urrezko Maskorra irabazteko ez ezik Altadis-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko ere lehiatuko direnak. Batetik, «Buda Az Sharm Foru Rikht/Buddha Collapsed Out of Shame» Hana Makhmalbafen lana, Estatu frantsesaren eta Iranen arteko ekoizpena; Paolo Barzman-en «Emotional Arithmetic» Kanadako lana; Argentinako «Encarnación» filma, Anahi Bernerirena; «Goong-Nyeo (Shadows in the palace)» Koreako lana, Kim Mee-jeung zuzendaria duena; Uruguairen, Txileren eta Argentinaren arteko «Matar a todos» ekoizpena, Esteban Schroeder-ek zuzendutakoa; eta Christopher Zallaren «Padre Nuestro» (AEB).
Palmaresetik at geratuko diren lanak ere izango dira Zinemaldiko 55. edizioan; hiru, zehazki. Estatu frantsesaren eta espainolaren eta Portugalen artean ekoitzitako «The Inner Life of Martin Frost» da horietako bat, Paul Austerrena; hain zuzen, Sail Ofizialeko epaimahaiko lehendakariarena. Bestetik, dokumental bat ere emango dute, «Earth», Alastair Fothergill eta Mark Linfield-ek zuzendua. Azken lana Britainiakoa da, Michael Radford-en «Flawless» zehazki. Azken lan horrek, gainera, jaialdia itxiko du.
Guztira, hortaz, hemeretzi lan emango dituzte Sail Ofizialean, nahiz eta hamasei lehiatuko diren Urrezko Maskorra eta gainerako sariak irabazteko. Aipagarria da, gainera, Cronenberg, Wang, Weingartner, Sayles eta Poirier zuzendariak lehen aldiz izango direla Zinemaldian.