GARA > Idatzia > Kultura

Musika Hamabostaldiak aurten ere umeak izan ditu gogoan eta bost emanaldi eskainiko dizkie

Hamabostaldiak, urtero bezala, «Haurren Eguna» antolatu du. Zehazki, bost ikuskizun antolatu dituzte eta gehienak Victoria Eugenia antzokian izango dira. Lehena, hala ere, Udaletxe parean izango da.

p052_f01_148x92.jpg

Jon CABANILLAS | DONOSTIA

Urtero egin ohi duen moduan, aurtengo edizioan ere egun bat eskaini die Musika Hamabostaldiak etxeko txikienei. Datorren astelehenean izango da hitzordua, abuztuaren 27an, hain zuzen ere. Horiek hala, bost haur ikuskizun ikusi ahal izango dira Donostiako hainbat agertokitan, eta Victoria Eugenia antzokian izango dira, gainera, ekimen gehienak.

Lehen ikuskizuna, «Kanpanolue» izena du eta goizeko hamabietan izango da hiriko udaletxeko terrazan, Eidabe Ekimen Kulturalen eskutik. Ikuskizuna familia osoarentzako modukoa da eta antzerkia, musika eta festa nahasiko ditu originaltasun handiz, antolatzaileek esandakoaren arabera. Festa horrek 60. hamarkadako musika erritmoetara hurbilduko du jendea, eta garai hartako herrietako jaietako eta goatekeetako dantza-giroa gogoraraziko du.

Bigarren ikuskizuna Victoria Eugenia antzokian izango da, bertako Dantza Aretoan, zehazki. Ikuskizunak «Amets egiteko ipuinak» izena du eta lau emanaldi eskainiko dituzte; bi euskaraz (16.30ean eta 18.00etan) eta beste bi gaztelaniaz (17.15ean eta 18.45ean). Emanaldian Virginia Imaz clown ospetsuak hainbat ipuin kontatuko ditu Txefo Rodriguezen musikaz lagundurik. Ikuskizuna lau eta bederatzi urte arteko umeei dago zuzendua. Ikuskizuna prestatu dutenek esan zutenez, ipuin guztiek musikalitatea dute baina musikarekin nahastean, musika unibertsoak sortzen dituzte. Ipuinek, gainera, umeei zenbait kontu irakasteko helburua ere badute.

Zikoinaren istorioa

Hirugarren ikuskizuna Binefarko Titiriteroak antzerki konpainiak emango du, berriro ere Victoria Eugenian, «Gizon zikoina» izenpean. Gaztelaniaz izango da eta bi emanaldi izango dira, bata 18.00etan eta bestea 20.00etan. Aipatutako lanean oinezko batek, objektu zakar eta bakunekin, txalupa batean arrantzan ari den zikoinaren istorioa kontatzen du. Ikuskizun hori Eva eta Paco Pariciok sortu dute, eta laneko paper protagonistak ere berek egingo dituzte. Alberto Gambinok konposatu du musika. Emanaldia ikusteko bost euro ordaindu behar dira eta zortzi urtetik gorako umeei zuzendutakoa da, bereziki. Binefarko titiritero konpainia oso ezaguna da mundu horretan lan egiten dutenen artean, eta ikuskizun horretarako erabiltzen dituzten objektuak nekazaritzarekin zerikusia dute.

Azken bi emanaldiak hauexek dira: Txontxongillo taldearen «Erreka Mari» batetik, Victoria Eugeniako Klub aretoan 18.30ean, eta Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen «Zorionak» ikuskizuna bestetik, Okendo plazan, arratsaldeko zazpietan.

«Erreka Mari» ipuinak ia 30 urte bete ditu

Txontxongillo Taldeak 36 urte darama lanean. Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek sortu zuten 1971. urtean. «Erreka Mari» ipuinaren sortzaileak dira eta leku guztietara zabaldu dute bai antzerki formatuan, baita liburu eta diskoen bidez ere. «Euskal Herriko neska-mutilek ipuin hau asko maite dute», dio Enkarni Genuak. Ibaian bizi den lamia honen istorioak bereziki bi gauzez mintzo da: desberdina den jendea errespetatu behar dela eta ingurugiroa zaindu behar dela. Oraingoan, Erreka Mariren ipuinak txalaparta izango du lagun, eta Lara Mitxelena eta Ixiar Jauregi txalapartariek joko dute.     J. C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo