Herriaren hitza oinarri eta mugarri
Herri galdeketa Euskal Herriko gatazkari irtenbidea emateko gako gisa ikusten dute Marije Fullaondok eta Pernando Barrenak, baina EAJ gai hori beste interesen mende erabiltzen ari dela nabarmentzen dute; alegia, EAJk jendaurrean herri galdeketaren gaineko eztabaida darabilela berriro ere esparru autonomista zaharrari eusteko asmoa ezkutatzeko.
Udako sugetzar informatiboak herri galdeketaren gaiari heldu dio bete-betean. Baina, zoritxarrez, soluzioen gakoa den herri galdeketa bestelako interes batzuen atzaparretan gatibu hartuz, arinkeriaz eta lotsagabe erabiltzen ari dira. Tripartitoaren egoera eta geroa, PNVren zatiketa edota barne-lehiak eta gisa horretako eztabaiden testuinguruan herri galdeketa ke-gortina gisara herriratu dute. Demokraziaren oinarria eta gatazkaren konponbidean estrukturala den herri galdeketa lotsagabeki debaluatu nahian dabiltza. Baina zer ezkutatu nahi dute horren atzean? Zertara dator testuin-guru honetan herri galdeketaren inguruan antolatu eta hauspotu duten ika-mika? Galde-roi erantzun nahian datoz ondorengo letrak.
Herriari hitza eta erabakia ematea ezker abertzalearen posizio eta aspirazio politiko historikoa da. Posizio horri jarraiki formulatu eta plazaratu zen Alternatiba Demokratikoa. Eta, beste hainbatetan bezala, ezker abertzaleak mamitu eta herriratutako eskema eta ekimenaren atzetik, PNVren kontrakarrak etorri behar zuen; horrela eta horregatik jarri behar izan zuten Ibarretxe Plana mahai gainean. Horrek bere horretan ez gaitu kezkatzen, ez baitugu -inork ez baitu- herriarenak eta soilik herriarenak diren aldarrikapenen jabetza esklusiborik. Herri galdeketa ezin da alderdien ondasun partikular bilakatu, eta, are gutxiago, interes ezkutu eta klientelarrei erantzunez, politikakerietan astintzeko uhal.
Ezker Abertzalea goitik behera eta ezker-eskuin ados da herriari hitza eta erabakia ematearekin. Ados gaude gatazka konponduko duen akordio demokratiko eta integratzailea herriaren oniritzia eta babesa izatearekin. Ados gaude Euskal Herrirako soluzioen etorkizunak herri borondatea oinarri eta mugarri izan behar duela. Baina...
Tranparik ez! Iruzurrik ez! Gauza serioa da herriari hitza ematea. Zinezko prozesu demokratiko batek herria izan behar du hartzaile eta berme nagusi. Eta, beraz, arbuiagarri eta salagarri iruditzen zaigu elementu estruktural honekin, ezkutuko interes eta premia partikularrei erantzunez, egunotan altxatu den harrabotsa eta zaunka informatiboa. Herri galdeketa ezin da entretenimendurako, espekulaziorako edo norbere barne zatiketak eta lehiak estaltzeko herriratzen den ke-gortina bilakatu.
Eta are arbuiagarriago eta salagarriagoa da horren atzean ezkutatzen dena: EAJk herri honen aldaketa eta bake nahiak aintzat hartu gabe, herri honek ezinbestekoa duen akordio eta abiapuntu politiko berriari bizkar emanez, guztion konpromisoarekin eraikitako eta herri borondatearen babesaz sendoturiko esparru demokratiko berri bati uko egitea. Izan ere, horrenbeste haizatutako «akordio transbersala»ren mozorropean, etorkizun berria sortzeko beren antzutasuna aski frogatua duten errezeta zaharren aldeko apustua baino ez dago. Egungo esparru autonomiko zatikatzaile eta zauritzailean hasi eta bukatuko den erreforma egitasmoa besterik ez. Gatazka konpondu ez eta enfrentamendu irekien aro berrietarako ateak zabal-zabal utziko dituen zoritxarreko lardaskeria berritua.
Herri honentzako iruzur berri bat prestatzen ari dira atzeko sukaldean. Euskal lurraldeen bertebrazioa eta euskaldunon erabakitze eskubidea jasotzen ez dituen eskema autonomista zaharberritua azpijokoan ari dira lantzen; horretarako baldintzak prestatzen. Eta, bitartean, herritarron aurrean, herri galdeketa darabilte. Zertarako? Entretenimendu sozial eta informatiboa eragiteko, benetako errealitate hori estaltzeko.
Berriz ere, beste behin ere. Baina ez da berria PNVren egitasmoa. Estatu espainolean frankistek gidatu eta zaindu zuten trantsizioak, haustura demokratikoari eta Euskal Herriaren batasun zein eskubide nazionalei bizkar emanez, EAJren ezinbesteko laguntza izan zuen. Hamarkadotan PSOE eta PPrekin hitzartu ditu makina bat egitasmo, denak abiapuntu eta helmuga berarekin: Euskal Herria ukatuz, zatitzen gaituen esparruari babesa eskaintzea. Eta horren truke, zer? EAJk bere partzelatxoaren hegemonia politiko eta ekonomikoa ziurtatzea, hiru herrialdeko egitura eta negozioaren kudeaketa bermatzea.
Imaz, Urkullu, Bilbao, Ariztondo eta enparauen apustu zaharberrituak Gobernu espainolarekin akordio berri bat proposatzen dio herri honi. Independentziari ateak itxiz, errezeta «antiterrorista»ren aplikazioa, hiru herrialdetarako esparru autonomikoa erreformatuz, herri honetan esfortzu eta borroka kolektiboaren eskutik ondu eta heldu diren eskakizun eta baldintza objektiboei beste behin ere iruzur eginez.
Zer dago, bada, EAJ PSOEren eskutik jasotzen ari den lausengu eta laudorioen atzean? Hurrengo legegintzaldian EAJk espainiar Estatuko Gobernuan parte hartzea, akaso? EAJko ministroa duen espainiar Gobernua ikustea, agian? Imaz-en «Espainia liluratu» proiektuaren atzean gatazkaren konponbidea ukatu eta enfrendamendu aro berrietarako hazia ereiteaz gain, Espainiako Gobernuan buru-belarri sartzeko tentaldia ote?
Hala ere, EAJren zentralitate eta ezinbestekotasunaren globoa zulatu egin da. Azken hauteskundeetako emaitzek berretsi egiten dute bere posizio hegemonikoaren higadura estrukturala. Herri honek zigortu egin du EAJk prozesuarekiko izan duen PSOEren meza-mutil jarrera otzana, zigortu egin du herri honi inposatu nahi dion eskubiko proiektua. Herri eskaera zabala dago EAJtik at eta EAJz gain prozesu demokratikoaren lidergoa eta ezkerreko herri-eredu berri baten aitzindaritza hartuko duen alternatiba politikoaren alde. Eta horrela, herri honetan galdu dituen boz eta posizioak Madrilekin azpilanean eta tratuan arituz berreskuratu nahi ditu. Euskal Herrian galtzen duena Madrilekin eskuz esku arituz irabazi asmotan. Txapuza berri baterako sostengua emanez eta, hala, PSOErekin hitzartu eta partitu hegemoniak, hitzartu eta partitu makroproiektu txikitzaileen kontzesio eta dirutzak, hitzartu eta partitu ezker abertzalea egurtzeko lan eta betebeharrak. Horretan dihardu PNV. Berriz ere, beste behin ere. Baina...
Oker dabiltza. Oker dabiltza uste badute herri honek tamalez eta luzaz pairatzen duen gatazka historikoa eskema horiekin konponduko dela. Hartutako bidetik beren hegemonia politikoa eta botere-kuota betikotzea bilatzen dute, beren negozioak eta interes klientelarrak sendotu nahi dituzte. Baina bide horretatik ez da gatazka konponduko.
Oker dabiltza. Izan ere, hamarkada luzetako borroka kolektiboaren ondorioz, gehiengo sozial eta herritarrak Euskal Herria nazioa dela dio, Herri honek bere etorkizun politiko eta instituzionala erabakitzeko eskubidea duela. Horixe da, hain zuzen, benetako arazo politikoa. Zinezko prozesu demokratiko batek gerri-gerritik heldu beharko dio errealitate horri, zintzotasun eta anbizio historiko askiz.
Iruzur berrien aurrean, ezker abertzalea aurrez aurre izango dute, bere indar guztiak askatuz eta berrituz, eskubide nazionalen defentsan, herriaren hitza eta erabakia demokrazia eta bake agertoki berriaren oinarri eta muga bakartzat defendatuz.
Bide horretan, eta proiektu politiko antagonikoak ditugun arren, EAJ nahiko genuke lanean, gurekin, ukondoz ukondo, ez baitugu soluzio prozesurik eraiki nahi inoren kontra; ezta, beraz, EAJren kontra ere. Baina iruzur berrien aurrean gure herria ohartaraziko dugu eta, iraganean bezala, etorkizunean ere aurrez aurre izango gaituztela berresten dugu. Gure ardura politikoa da. Euskal Herriarekin dugun konpromisoaren adierazle.