Laura Mintegi Idazlea
Zoriontasun kupelak salgai
Nola bilakatu aberats, zein da zoriontasunaren giltza, nola uxatu bakardadea, non dago gaztetasunaren sekretua, zer egin maitasunak irauteko... Erdi Aroan filolosofi harriaren bila jarduten zuten zientzilariek miraria lortzekotan: urregorri bihurtu nahi zuten edozein metal txiro, harri majikoaren bidez. Helburu zehatza, ulergarria eta praktikoa zuten, ezin uka.
Zoriontasuna ez zen helburu, noski. Orain laurehun urte inongo zientzilarik ez zion bere buruari formularik eskatuko jendea zoriontsu bihurtzeko, zoriontasuna gizarte-balioa ez zelako. Akaso poetek egingo zuten halako ariketa poetikorik, zeren zoriontasuna asmakizun berri-berria baita, orain ehun urtekoa gutxi gorabeherakoa.
Gaur egun, ordea, zoriontasuna xede bihurtu zaigu. Jakin nahi dugu nola eskuratu daitekeen, zer egin behar dugun berataz jabetzeko. Erosterik balego, sal-erosiko genuke, eta truke-balio handia izango zukeen gure merkatuan, garai batean espezieek, setak edo gatzak zuten moduan. Egun petrolioak duen balio bera edukiko luke zoriontasun kupelak.
Uda honetan inoizko kopuru handiena egon da ikasle Miramar Jauregiko ikasgela batean jakin-minak bultzatuta. Irakaslea psikoterapeuta zen eta gaia zoriontasuna. Zoriontsua izateko formula ere luzatu die 360 ikasleri. Erantzuna ez da izan «osasuna, dirua eta maitasuna», kantak zioen bezala. Nahiz eta formula hura ez zen guztiz txarra, ez du bermatzen zoriontasuna.
Jorge Bucay psikiatrak hiru galdera plazaratu ditu eta ondoren hiru aholku eman: «nor naiz, nora noa, norekin noa?» Aristoteleren galderetatik bat aldatu du. «Nondik nator» galdetu ordez, berak dio «norekin noa». Aldagai interesgarria betiere.
Zoriontasunaren formularako, aldiz, hiru aholku eman ditu (eta ez du bidelagunik aipatu): norberaren burua ezagutu, maitatu eta aske utzi. Haren ustez, norberaren barnean dago dena, inpernua eta zerua, zoriontasuna eta atsekabea, poza eta tristura, bizigogoa eta buruaz beste egiteko grina. Dena norberaren baitan. Zein erraza, ezta? Ez da inora joan behar norberaren buruarekin topo egiteko, ez Katmandura, ez tenplu budista batera, ez Ibiza hippyra, ezta monastegi zistertarrera. Baitara bildu begirada, begiratu, maitatu eta hark esandakoa egin. Kitto!
Azken garaian buelta batzuk eman dizkiot gaiari, garaiaren ajeak. Erantzun posibleak bururatu zaizkit. Nola izan zoriontsu? A erantzuna: dependentziak moztu. Mota guzti-guztietako dependentziak, batez ere afektiboak. B erantzuna: espektatiba maila jaitsi. Ezer gutxi espero baduzu, edozein huskeria izan daiteke pozbidea; semaforoa berde jartzea bera gertakizun bihur daiteke. C erantzuna: duintasuna bihurtu iparburu eta ardatz. Agian ez zara zoriontsuagoa izango, baina ez zara damu izango egindakoaz.
Enfin, saiatuko gara Bucayren formulari ekiten zientzilarien zain egon gabe. Zeren, munduak daraman martxa ikusita, errazago asmatuko dute filosofi harria edozein metal urregorri bihurtzeko, atsekabeok zoriontsu bihurtzeko baino.