Fco. Jose Ramada Estevez, «Bera» Milaren mutil-laguna eta euskal preso politikoa Castellon
Duintasunaren alde borrokan
Ez da erraza adieraztea zer den bizitzea eguneroko dispertsioan. Denbora igaro ahala konturatzen joaten gara gauza txikiek duten garrantziaz, bai espetxean gaudenontzat, baita gure lagun eta senideentzat ere. Egunero-egunero hainbat aldiz entzun eta esandakoak, gure unibertso itxi honetan kristal blindatuz eta segurtasun dorrez inguraturik, zartada bakoitza lehenengoa izango balitz moduan, gu gogortuz eta gure gogoa indartuz doaz.
Etsaien atzaparrek argi uzten dute zeintzuk diren euren asmoak, gure baldintzen degradazio argia, nahiz eta hori guztia beren sasi demokrazia eta lege faxisten mozorropean erabili. Agerian uzten dituzte berek sortutako ondorio lazgarriak: jipoiak, isolamendua, «Parot doktrina», mendeku politika krudela... Zerrenda luze eta lazgarri bat. Castelloko espetxean gauden euskal preso politikook jasaten ari garena azaldu nahi nizueke.
Azkenaldian hemengo zuzendaritzak berriro ere gure bizi baldintzei erasotzeari ekin dio. Uztailaren 4an Sagrario Ioldi Mujika kideak ziega beste preso batekin konparti zezan saiatu ziren. Uko egin zionez, isolamendura eraman zuten. Lau egun jarraian saiatu ziren ziega konparti zezan, baina berriro ere Sagrariok uko egin zion. Ondorioz, egun, isolamenduan dute zigorturik 75. artikulua aplikatuta, beren hasierako helburua lortu ez dutelako. Gaur, 45 egun geroago, oraindik bakarturik daukate .
Urteekin, bertan gauden euskal preso politikoei gure eskubideak gero eta gehiago urratu dizkigute: ez dugu kaleko osasun asistentziarik (hemengoa oso elementala eta oztopoz betea da); bisiten murrizketak, hamar lagunekin 6 hilean behin, beste moduluetako eta modulu berbereko kideekin elkartu ezinik, denok ordu ezberdinetan, komunikatzeko oztopoak (gehienetan ez digute errespetatzen aurretik eskatutako ordua eta eguna aurrez aurrekoak etxekoekin egiteko...); ikasketak egiteko oztopoak, etab.
Urteen joanean, espetxeetan ohitu egiten gara horrelako arauetara. Urte askoan, ia bizitza erdia askorentzat, justiziaren injustiziak sufritzen. Justifikaziorik gabeko zigor etengabean, isolamendu sistematikoan, bat-bateko modulu aldaketekin...
Baina ezin dugu, hori dena aipatuta, justiziaren injustiziak planifikatzen eta aplikatzen dituztenak ahaztu. Horrela, Euskal Herriko askapen borroka geldituko dutela uste dute, baina jai dute. Borroka latz honetan ez daukagu ezer galtzeko eta bai, ordea, asko irabazteko.
Lerrookin eskatu nahi dizuegu elkartasun gisa Mila kidearentzako telegramak bidaltzeko hemengo zuzendariari, Milaren isolatzea bukatzeko eskatuz.