GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bazkari bat ezin ahaztu daitezkeen errepresaliatuen senide eta lagunentzat

Errepresaliatuen senideen eta lagunen omenez egin zuten atzo bazkari erraldoia Areatzan. Aste Nagusian ohitura bihurtu da ospakizun hori, eta gero eta pertsona gehiagok izena eman ohi du. Aurten, mila lagun baino gehiago elkartu dira, eta ostean, Sabin Etxeraino igo dira.

p023_f01_199x109.jpg

Ianire RENOBALES | BILBO

Tradizio bihurtu den ohitura horri jarraituz, Areatzan egin zuten atzo errepresaliatuen lagunen eta senideen omenezko bazkaria. Txori Barrote konpartsa izan zen ekintza horretako antolatzailea.

Zerura begira, hodei beltzak nagusi ziren bizkaitarren buru gainean. Baina euritakoa eta beldurrak atzean utzita, lagun asko gogotsu bertaratu ziren, aurretik antolatzen duten manifestazioan izan ostean. Aurreko urteetan estalki bat ezarri zuten, baina oraingoan ez dute horrelakorik ipini. Azkenean, eta mahaikideen lasaitasunerako, eguraldia lagun izan zuten, eta ez zuen euririk egin, aspaldiko partez Aste Nagusi honetan.

Iaz izandako antzeko giroa izan zen aurten ere, antolatzaileen aburuz. Goizerako, bazkarira joan ahal izateko txartel guztiak salduta zeuzkaten ardura- dunek, eta jendeak etengabe heltzen jarraitzen zuela aipatu zuten. Mila lagun baino gehiago elkartu ziren Pirates Tabernan, Hau Pittu Hau, Eguzkizaleak eta Txori Barrote konpartsen aurrean ezarritako mahai luzeetan.

Bazkariak eguerdiko ordu bi eta erdietan hasi behar zuen, baina inork harritzen ez duen moduan eta beti gertatzen den bezala, ordu bat geroago hasi ziren lehenengo platera zerbitzatzen. Konpartsak ezarrita dauden alderdian dena prestatzen dutenez, poteoan zebiltzanak aldendu behar zituzten, bai eta esparrua pixka bat txukundu ere, mahaiak eta aulkiak ekarri ahal izateko.

Txori Barroteko boluntarioek, txantxa artean eta mikrofonoa eskuan hartuta, pazientzia eskatu zieten tripa zorriak jota zeuden lagunei. Jaten hasi baino lehen, bertan zeudenei gehitu zitzaien ohorezko gonbidatua, Marijaia. Aste Nagusiko sinboloa den panpina hori han egon zen denbora guztian.

Hasteko, porrusalda bakailaoarekin hartu zuten. Horren ostean, okela sardinera erara, eta amaitzeko, izozki terrina bat, kopa eta kafea.

Bazkaldu bitartean, ez zuten ezer berezirik prestatu; izan ere, omenaldiaren zati bat da, errepresaliatuen inguruko guztiak batzeko aitzakia zaporetsua.

Gero eta jende gehiago doa

Hasiera batean, presoen senideei zuzenduriko omenaldia zen. Poliki-poliki, ohitura indartuz joan da, eta konpartsakideak gero eta gehiago parte hartzen ari dira. Gaur egun, Txori Barroteko kideak, errepresaliatu ohiak, horien familiak eta lagunak biltzen dira. Gero eta jende gehiagok izena ematen du, eta guztiak besoak zabalik hartzen dituzte beti.

Ekintza horren helburua errepresaliatuen senide eta lagunak ere gogoratzea da. «Batzuetan presoei buruz hitz egiten dugu, eta ahaztu ez, baina bigarren maila batean uzten ditugu eurekin dauden pertsonak, senide zuzenak eta lagunak. Uste dut hauek ere dena merezi dutela; presoen parekoak dira eta haiek beste sufritzen dute», azaldu zuen bazkariaren antolatzaileetako batek.

Sabela ondo bete ostean, denak Sabin Etxera!

Goizean manifestazioa egiten dute, urtero, errepresaliatuen alde egiteko. Hor, ibiltzearekin batera, gosea egiten da, eta horri irtenbidea jartzeko asmoz, ondoren, lagun eta familia artean, giro ederrean, bazkari erraldoi bat prestatzen dute. Txori Barrote konpartsa izan da horren arduraduna. Bazkaria Areatzan izaten da; atzean, errepresaliatuen argazki asko eta asko; izan ere, eurak dira ekintza horretako protagonista.

Ederto bazkaldu ostean, eta atsedenaldia hartu eta gero, aulkitik mugitzeko ordua heltzen da. Batzuk, txosnetara; besteak, gehienak, Sabin Etxeraino joaten dira.

Omenaldiz beteriko egun hori amaitzeko, bazkarira joan diren askok eta askok elkarrekin hartzen dute Sabin Etxerainoko bidea. Ibilaldi hori urtero egiten dute, eta bazkariak daukan bezainbeste garrantzi dauka; ezinbestekoa da. Hogei urte baino gehiago daramate senide eta lagunek arratsaldeko azken orduan hara joaten. Bertan, Sabin Etxearen aurrean, astiro-astiro, Parisera edo Puertora doazen autobusei agurra egiten diete. Hori egin ostean, «bueltatxo» bat ematen dute, antolatzaile baten hitzen arabera. Atzo, gainera, ehundaka lagunek elkarreteratzea egin zuten plaza Biribilean.    I. R.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo