Hainbat ekintza prestatu dituzte konpartsek euren egun handia ospatzeko
I. R. | BILBO
Aste Nagusiko Konpartsek agenda beterik dute gaur, hainbat ekintza prestatu baitituzte elkarrekin ondo pasatzeko asmoarekin.
Eguna hasteko, goizean, ardo dastaketa antolatu dute. 12.00etan hasiko da Hontza konpartsaren alboan. Upeltegi batzuekin kontaktua egin ostean, ardoan aditu den batek irakatsiko du zer egin behar den ondo dastatzen ikasteko. Ardo onenak neurtuko dituzte parte-hartzaileek. Ondoren, bazkaria egingo dute Areatzan. Konpartsa bakoitzak bere janaria eta edaria eramango ditu, eta denak elkarrekin eseriko dira. Bazkaldu ostean, Arriagan, herri kirolak antolatu dituzte. Euskal kultura sustatzeko helburuarekin, konpartseroak jo eta ke ibiliko dira Euskal Herriko kirol desberdinak egiten. Xedea ondo pasatzea baldin bada ere, lehiakortasuna ere izan daiteke. Eguna amaitzeko, arratsaldeko 20.00etan, Bilbo Kantari prestatu dute.