GARA > Idatzia > Kultura

«Pentsamendu hutsak», Mikel Aranzabalen lehen diskoa

Musikari oriotarraren lehen lana orain dela gutxi kaleratu zuten eta, espero bezala, erantzun ona eduki du. Sentimenduak dira, batez ere, hamahiru kanten protagonista. Hala ere, gizarteko zenbait gai jorratzen ditu, hala nola, kartzelaren edo gerraren gogortasuna.

p054_f01_148X100.jpg

Arrate ETXEBARRIA | BILBO

Mikel Aranzabal bakarlari berria dugu Euskal Herriko panorama musikalean. Bere lehen diskoa, «Pentsamendu hutsak», orain dela gutxi plazaratu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak.

Hasiera batean, musikari oriotarrak bere kabuz grabatu zuen maketa eta, adiskideen laguntzarekin, bost egunetan ehun kopia saltzea lortu zuen, ez da marka makala.

Handik gutxira, bi kanta bidali zituen diskoetxera eta hangoei gustatu egin zitzaien entzundakoa. Orduan, bere lehen dis- koa modu akustikoan grabatzeari ekin zioten, iazko uda partean. «Grabazioaren esperientzia estresantea izan da, baina oso ona», horrela definitzen du Aranzabalek grabatze prozesua.

Aranzabalen terapia: musika

Bere lehen lan horretan gai pertsonalak agertzen dira batez ere, «musikak lasaitasuna ematen dit eta zer edo zerk kezkatzen nauenean, idazteari ekiten diot», adierazi du. Bakarrik dagoenean idazten du musikariak: «Bakarrik nagoenean tristea naiz, kantak ez daukadanari edo eduki nahi dudan horri egiten dizkiot, ondo dauden gauzei ez diet kantarik egiten».

Nabaritzen da malenkolia ukitu hori hainbat letratan, «Nostalgia» izena duen kanta adibidea izan daiteke, baina disko osoa entzunez gero, laster ikusten da sentimendu horiek direla bere lehengaia. Dena den, kritika soziala egiten ere saiatzen da, «Gose grebako hogeigarren eguna» abestia da horren adibide argia; Joseba Sarrionandiaren letrari ahotsa eta musika jarri dizkio, kartzelaren krudeltasuna islatzen duen kanta horretan. Bestetik, gerraren inguruko erreflexio bat entzun daiteke «Tiro hotsak ixildu» abestian.

Aranzabalek musikaritzat jotzen du bere burua, baina, hala ere, letrei ematen die garrantzi handiagoa. «Uste dut nire letrak jendeak irakurtzeko interesgarriak direla, nahiago dut horiek ondo egotea. Musika edo ahotsa perfektuak ez badira, ez dit axola», esan du.

Gazte honen kantak zuzenean entzun nahi dituenak, ez du hain erraza izango ez baitzaio gustatzen kontzertu gehiegi ematea. «Ez naiz kontzertu asko emateko zalea, kontzertu gutxi ematea gustatzen zait, hilabetero bat-edo; musika aisialdi moduan hartzen dut, niretzako egiten dudan zerbait da, ihes egiteko egiten dudana».

Seguru asko, Mikel Aranzabalen diskoa entzuten duenak bere burua nola edo hala islatuta ikusiko du bertan: «Hori da niri gustatzen zaidana, jendeari zerbait transmititzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo