GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garbiketa lanetan eta kalteak zenbatzen euriteen ostean

Goizeko lehen orduetan euriak oraindik buruhauste ugari eragin zien batez ere Oiartzualdeko eta Urumea arroko bizilagunei. Batean, errepideetan izan zituzten arazorik gehienak; bigarrenean, nekazariak izan ziren, batez ere, egoerarik txarrena topatu zutenak, baratze asko urez gainezka esnatu zirelako, eta uztaren zati handi bat galtzeko arriskua dute. Gainerakoan, atzokoa askorentzat garbiketa eta kalteen zenbaketa eguna izan zen.

p020_f03.jpg

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

Bezperan eta goizaldean larri ederra pasatu ostean, atzo eguerdian bazterrak garbitu eta euriak eragindako kalteak aztertu eta zenbatzeko unea izan zen.

Goizean oraindik ere arazo ugari izan zen batean eta bestean. N-I errepidean, esaterako, Lartzabalgo loturan, lur-jausi bat izan zen, eta bidea itxita geratu zen Errenteria parean. Errepide berean, Añorgan ere itxita egon zen errail bat ur putzu bat zegoelako. Pasai Donibane eta Lezo batzen dituen Gi-3440 errepidean ere beste hainbeste, zuhaitzak eta lurra errepidera erori eta ur putzuak zirela-eta itxi baitzuten. Luze jardun zuten bidea garbitzeko lanetan, baina eguerdian zabaldu zuten berriz ere errepidea.

Pasaia izan zen atzo goizean euriteek eragindako kalteak gehien sufritu zituenetakoa. Pasai Donibanerako aipatutako bidea itxita egoteaz gain, Pasai Antxoko Molinao auzoan ur putzuak sortu ziren, eta Pasai San Pedroko pilotalekua erabat urez gainezka egon zen.

Hiriburuan, hainbat alderdi urak estalita esnatu ziren atzo. Loiola, Martutene eta Igara izan dira azken egunetako euriek gehien kaltetu dituztenak. Era berean, lur-jausi batek bide-gorri bateko 30 bat metro estali zituen atzo eguerdian, Otxoki pasealekuan. Ertzaintzak txakurrak balitatu zituen lurraren azpian inor harrapatuta geratu ote zen jakiteko.

Hernanin eta Astigarragan ere nahikoa lan zuten atzo oraindik. Urumea ibaiak ur handia zekarren bezpera arratsaldean, eta Añarbe urtegiko ura isurtzen hasi izanak ez zion batere mesederik egin egoerari. Bi herriak batzen dituen errepidean, esate baterako, ur putzu handi bat egin eta itxi egin behar izan zuten. Autoak saihesbidetik bideratu zituzten.

Nekazariak kexu

Ostegun gauerako Hernaniko Landare errugbi zelaia eta Zubipe futbol zelaia urak estalita zituen, eta atzo goizean ere horrela esnatu ziren. Inguru horretan ohitzen hasiak dira gisa horretako egoeretara; izan ere, euria majo egiten duen bakoitzean estaltzen dira bi kirol instalakuntza horiek. Etsita agertu ziren berriz, Urumea arroko hainbat nekazari, baratzeak urez gainezka zituztelako. Xabier Alberro Ergobiako auzokideak, adibidez, zerbait egiten hasteko garaia dela esan zuen, eta agintariei Urumea inguruari lehentasuna eman eta lanak hasteko eskatu zien. Orotara, 6.000 metro koadro negutegi eta 12.000 metro koadro aire libreko baratze du nekazari horrek, eta uztaren parte handi bat salbatzeko esperantza handirik gabe agertu zen.

«Negutegietan orain dela hilabete eta erdi landatuta daukagu Gernikako piperra, eta oraintxe hasiak ginen biltzen; euskal tomatea ere orain hilabete landatu genuen eta berehala loretan hastekotan zegoen», kontatu zuen Erbobiako auzokideak, guztiak galtzeko arriskua duela esaterekin batera.

Alberrok, gainera, egoera are eta larriago egiten duen beste arrazoi bat aipatu zuen: «Euri asko egiten duenean enpresek probetxu ateratzen diote egoerari produktu kutsagarriak ibaira isurtzeko, eta kutsatutako urak erabat kaltetzen ditu gure produktuak».

Haren esanetan, egoeraren erantzukizuna Añarbeko ur Mankomunitateko presidenteak egindako «kudeaketa kaxkarrarena» da. «Ez da normala Añarbe orain hamabost egun laurden batean beterik egotea eta egun hauetan egindako euriagatik ura isurtzen hasi behar izatea», krikikatu zuen. Ibaia bideratzeko dagoen proiektua ere alde batera utzita dagoela salatu zuen Alberrok. «Beti bezala, nekazariek pagatu dugu beren utzikeria», esan zuen.

Gainerakoan ere, nekazariei dagokienez, uda nahiko trakets zihoala nabarmendu zuen Alberrok, eta euri premia bazegoen ere, euriteek eragindako kalteek are gehiego zapuztu diete egoera. Era berean, kalte-ordainak jasotzeko zailtasunak izaten dituztela kexatu zen. «Orain hiru urte izandako uholdeen kalteengatik oraindik ezer jaso gabe gaude», adierazi zuen eta nekazarienganako begirune handiagoa eskatu.

Nafarroako iparraldean ere ostegun arratsalde-gauean susto galanta bizi izan zuten. Arraiozko bizilagunak, esate baterako, estu eta larri ibili ziren. Nafarroako herri horretako bizilagunek maiatzean izandako uholdeetan kalte ugari izan zuten; besteren artean, herriko plaza erabat susntsituta gertatu baitzen.

Ostegun iluntzean ere ura handik eta hemendik hasi zen sartzen herrian, eta etxeetan kalterik eragin ez zezan, herritarrek eurek altxatu zuten errepidea ura zelai batera desbideratzeko. Horrela kontatu zuen Manoli Oteiza Artxea landa etxeko arduradunak. Atzo eguerdian jada egoera lasai zegoela adierazi zuen emakumeak, baina bizilagun hainbat etxe inguruak garbitzen zebilen. «Beharrezkoa da erreka modu egokian desbideratzea, baina ez dadila plaza erdian geratu», eskatu zuen Oteizak.

Inguruak garbitzen ari ziren Oiartzunen. Bezperan, izen bera duen ibaia oso hazita ibili zen, eta garaje eta etxabeetan ura sartu zen. Lokatza garbitzen aritu ziren Senperen eta inguruetan ere. Herenegun bizilagunak maiatzaren hasieran izan ziren uholdeak errepikatuko ote ziren beldur ziren. Oraingoan zorte handiagoa izan dute, ordea.

Errepideetan tentuz

Atzo goizean autoa hartu zutenek tentuz gidatu behar izan zuten. Egun hauetan zirkulazio handia dago errepide nagusietan, asko Euskal Herria zeharkatzen ari baitira, baina euriak egoera okertu zuen. Hala, goizaldeko lehen orduetan arazoak izan ziren N-I errepidean eta zauritu larririk egon ez bazen ere, hainbat istripu izan ziren.

Tren garraioak ere kalteak izan zituen. EuskoTren konpainiak jakinarazi zuenez, katenarian matxura bat izan zuten Errenteria parean.

Hala, Hendaia eta Oiartzun arteko bidea normaltasunez egiteko aukera bazen ere, hortik aurrerakoa autobusez egin behar izan zuten bidaiariek. Eguerdi alderako, dena den, arazoa konpondu zutela jakinarazi zuen konpainiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo