GARA > Idatzia > Arrauna

ARRAUNA San Miguel Liga

Laredo eta Orio izango dira Kontxarako prestaketa luzean azken bi hitzorduak

Laredoko XII. Bandera jokatuko dute gaur 17.00etan. Iaz Castrok irabazi zuen.

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

San Miguel Ligako hamabi traineruek gaur eta bihar Laredon eta Orion jokatuko diren estropadak erabili beharko dituzte azken asteetan Kontxari begira egiten ari diren prestaketa lan berezia erabat biribiltzeko. Datorren ostegun arratsaldean jokatuko dute sailkapen estropada eta irailaren 2an izango da lehen jardunaldia. Urteko hitzordu garrantzitsuena, beraz, gero eta gertuago dago.

Atzerako kontaketa horretan lehen estropada gaur jokatuko da Laredoko uretan (17.00, ETB-1). San Miguel Ligako hamahirugarren proba puntuagarria izango da eta irabazleak 3.000 eurotik gorako saria jasoko du. Sailkapenaren arabera, lehen txandan Arkote, Mecos, Cabo eta Laredo irtengo dira. Bigarren txandan Zumaia, San Pedro, Pedreña eta Zarautz arituko dira. Eta ohorezko txandan Castro, Hondarribia, Orio eta Urdaibai izango dira nor baino nor.

Ontzi gehienak Kontxan pentsatzen ari badira ere, traineru indartsuenek ezin diote bizkarrik eman ligari. Batetik, lehen postuaren lehia zabalik dagoelako oraindik. Urdaibaik (130) sei puntuko aldea du Oriorekiko (124) eta, gauzak estutzea nahi ez badu, indartsu aritu beharko du asteburu honetan, are gehiago igandean oriotarrek etxean arraun egingo dutela kontuan hartuta. Bestetik, Castro (93), Zarautz (91) eta Pedreña (86) zazpi punturen barruan daude eta pentsatzekoa da denboraldia ohorezko txandan amaitzea ere helburu polit bat izan daitekeela hiru traineru horientzat.

Aurtengoa Laredoko Banderaren hamabigarren ekitaldia izango bada ere, San Miguel Ligan iaz sartu zuten lehen aldiz, eta garaipena Castrorentzat izan zen. La Marinerak 20.44.01ko marka eginda lortu zuen garaipena Hondarribia eta Pedreñaren aurretik. Orio bosgarren izan zen, eta Urdaibaik zortzigarren postuan amaitu zuen.

Antolatzaileek aurkezpen ekitaldian aipatu zutenez, zaleek ezingo dute sartu obratan dagoen portuko eremuan eta, beraz, estropada «Atalaya de Laredo» delako gunetik edota hondartzatik jarraitzeko gomendatzen diete zale guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo