GARA > Idatzia > Ikusmira

Legez kanpoko entzuketa ez da herritarren eskubideak bermatzea, urratzea baizik

Hiru gaztek joan den astean beren etxean legez kanpoko entzungailu bat aurkitu izanak Estatu espainolak Euskal Herrian darabilen jokaera susmagarriari susmo handiagoa erantsi dio. Areago hiru gazteetako bat, preso ohia -baina eskubide guztien jabe, gogoraraztea komeni da-, duela zenbait aste Hernanin Guardia Zibilaren kontrol batean gerarazi eta, salatu zutenez, tratu txarrak eta mehatxuak jaso zituzten gazteetako bat izanik. Ez da horrelako gailuak euskal herritarren etxean edo autoan aurkitu dituzten lehen aldia; batzuetan espioitza lan hori zenbait erakunde politikotako kideei egin diete, edo erakunde politikoari berari. Ez da lehen aldia, baina, hala ere, ez da garrantzirik gabeko kontua. Herritarrak jazartzeko horrelako metodoak -metodo ilegalak- erabiltzen dituen estatu bati nekez esan dakioke zuzenbidezkoa. Izan ere, zuzenbidezko estatuaren ezaugarri nagusietako bat herritar guztien eskubideak bermatzea da eta, hala, bermatu ordez, urratu egiten dira. Horregatik, berehala ikertzeko eta behar diren neurriak hartzeko eskatu behar da. Aurreko kasuetako esperientziaren jakitun egonda, ordea, Estatu espainolak ez ditu erraz astinduko bere gainean pilatzen doazen susmoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo